Lehen aldiz antolatu du Mondrate taldeak areto futbola gaztetxoenen artean hedatzea helburu duen campusa. Atzo, eguaztena, abiatu zuten eta uztailaren 10era arte goizero elkartuko dira Iturripen, 10:00etatik 13:30era. Lehen egunean bertan, luxuzko bisita izan zuten izena eman zuten neska-mutikoek, Realeko jokalari Mikel Gonzalez 'Gontxa'-ren bisita, hain justu.
Lehen helburua areto futbolarekiko zaletasuna zabaltzea bada ere, birziklapenaren eta bizitza osasuntsuaren aldeko balioak transmititzen saiatuko dira: "Hamarretakoa frutarekin eta produktu osasuntsuekin egingo dugu eta gero birziklatu beharra dagoela gogorarazi", adierazi du Mondrateko entrenatzaile Jon Zabala Txanpi-k.
Espero baino jende gehiago
Oso pozik daude campusak izan duen harrerarekin, 1997 eta 2006 urteen artean jaiotako 62 lagunek eman dute-eta izena: "20 bat pertsona espero genituen eta sorpresa izan da horrenbeste jende elkartzea. Lehen ordu eta erdian jolasak eta ariketak egingo ditugu, gero hamarretakoa, eta azken ordu eta erdian areto futbolean zentratuko gara. Bost begirale ibiliko gara lanean", dio Zabalak.