Patxi Lopez lehendakari izan ostetik, gobernu sozialistak, euskal popularren laguntzarekin, erabaki zuen Gernikako Estatutua onartu zeneko eguna, urriaren 25a, jai egun izatea Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta halaxe ospatu da azkeneko urteotan. Aurkako iritzia agertu zuten, ordea, jeltzaleek eta EH Bilduk. Eta, hala, Iñigo Urkullu gobernura heldu zenez geroztik, Gernikako Estatutua onartu zeneko egunaren ordez beste egun bat izendatzea erabaki du egutegian gorriz markatzeko. Oraingoz, 2016ra begira, urriaren 7koa izendatu dute jai egun, Gernikan lehen euskal gobernua eratu zela 80 urte betetzen direlako.
Lehen Eusko Jaurlaritzako kideak, 1936an.
Horrek, baina, eragina izango du Arrasateko jairik ospetsu eta entzutetsuenean, txikiteroen omenezko Maritxu Kajoi egunean. Izan ere, urriaren 7an jausiko da datorren urtean. Berria da egoera, orain arte inoiz ez delako izan jai Maritxu Kajoi, Arrasaten geroz eta jende gehiagok egun horretan jai hartzen badu ere, goizean goizetik jaian murgildu ahal izateko.
2016an, ofizialki, honako egun hauek izango dira jai egun Euskal Autonomia Erkidego osoan: urtarrilaren 1a eta 6a; martxoaren 24a, 25a eta 28a, hau da, Aste Santuko jai egunak; uztailaren 25a; abuztuaren 15a; urriaren 7a eta 12a; azaroaren 1a, eta abenduaren 6a eta 8a.