Tarragonan, Espainiako promesa mailako atletismo txapelketa jokatu dute aste bukaeran. Iñigo Uribarren arrasatearrak urrea irabazi du, hiruko-jauzian, 15,70 metroko jauzia eginda. Domekako saioan, Malen Ruiz de Azuak urrezko domina irabazi du pertika-jauzian 4,10 metroko jauzia eginda. Maialen Axpek hirugarren egin du 4 metroko jauziarekin. Beroak txapelketa baldintzatu zuela azaldu du Fernando Zufiriak.
Ciudad Realen, gazteak
Ciudad Realen, aldiz, gazte mailako Espainiako txapelketa jokatu dute. Eneko Carrascalek hirugarren postua eskuratu du 14,41 metroko jauzia eginda hiruko-jauzian. 100 metroko lasterketan, Ibai Fernandezek 11.30ko denbora eginda finalerdietarako txartela lortu zuen; baina finalerdian 11.39koarekin, ez zuen finalerako sailkatzerik lortu. Hala ere, gazte mailan lehenengo urtea duela kontuan hartuta marka "ezin hobea" da Fernando Zufiriaren esanetan.
40 graduko tenperatura
Bai Tarragonan eta baita Ciudad Realen ere bero handia izan dute atletek: 40 gradu gerizpean.
Euskadiko txapelketa uztailaren 11n eta 12n
Arrasateko atletek beste hainbat txapelketa izango dituzte denboraldia bukatu aurretik: uztailaren 11n eta 12n Euskadiko Txapelketa; abuztuan, Espainiako txapelketa eta Europa txapelketa.