Araitz Etxabe: "Taldeko lanagatik lortu dugu Lehen Mailara igotzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko eka. 25a, 16:44
Araitz Etxabe Oiartzun taldeko banderarekin.

Emakumezkoen Lehen Mailan jokatuko du datorren urtean Araitz Etxabe futbol jokalari arrasatearrak Oiartzun taldearekin. Hirugarren urtea egin du aurten eta ilusioz gainezka dago "oso zaila" izango den datorren urterako. 

Zorionak! Handia egin duzue...

Eskerrik asko! Bai, oraindik ez gara oso kontziente baina bai, handia egin dugu. Ospakizunekin aspaldi hasi ginen baina oraindik ez ditugu amaitu; uste dut merezita ditugula ospakizun guztiak. 

Datorren urtean Espainiako talde indartsuenen aurka jokatuko duzue.

Hala da, bai. Bartzelona, Athletica, Reala, Atletico de Madrid... Aurkari oso gogorrak izango dira.  

Liga hasierako helburua zen igoera?

Egia esan, ez. Pixkanaka joan gara helburuak zehazten, oztopoak sortu ahala joan gara horiek gainditzen. Denboraldi osoan ez dugu partidu bakar bat bera ere galdu; konturatu ginenerako liga irabazi eta igoera faserako txartela lortu genuen. 

Eta nola joan da igoera fasea?

Gaizki hasi genuen, Madrilen aurka 4-2 galtzen; aurten galdu dugun lehen partidua izan zen. Baina etxean oso indartsu ibili gara eta itzulerako partiduan 4-0 irabazi genien. Horrek indar handia eman zigun azken fasera begira. Vigoko El Olivo taldea zen igoera lortu aurreko azken aurkaria; 2-1 irabazi genuen etxean eta 1-2 Vigon.  

Etxean horren indartsuak izatea izan al da denboraldiko gakoa?

Gakoetako bat bai, zalantza barik. Bi urte darama taldeak etxean partidu bat galdu gabe; taldean oinarritzen da gure jokoa eta taldeko lanagatik lortu dugu igoera. Familia bat gara, gazteekin eta esperientziadunekin ondo orekatua. Gure artean lehia handia egon da hamaikakoan sartzeko eta horrek oso ondo egin dio taldearen errendimenduari.  

Igoerak ze aldaketa eragingo dizkio Oiartzun Kirol Elkarteari?

Gastu ekonomiko handia suposatuko du Oiartzun moduko talde txiki batendako. Ez gara honetaz bizi, gehienok lan egiten dugu eta besteek ikasi egiten dute; hortaz, jokalarion aldetik ere esfortzu handia eskatuko du. Baina urte oso gogorra izango dela jakin arren, gutxienez urtebetez probatzeko prest gaude. Ilusioak gidatzen gaitu eta beraz, oztopoei eta gorabeherei aurre egingo diegu, seguru. 

Mondran 15 urte egin ostean Oiartzunen bitza moduan egin duzu gora...

Bai, hiru urte oso onak bizi izan ditut Oiartzunen. Gauza asko izan dira berriak, eta lorpen handiak egin ditugu. Handiena, hori bai, Lehen Mailarako igoera. Futbolari dagokionez asko eman dit Oiartzunek baina baita alde pertsonaletik ere. Lagun mordoa egin ditut, familia baten moduan sentitu naiz. Ezin dut gehiago eskatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak