Beñat Aginagaldek berretsi egin du ez zuela Isaias Carrasco hil

Eneko Azkarate 2015ko eka. 22a, 16:55

Gaur egin dute Isaias Carrasco PSE-EEko Arrasateko zinegotzi ohia ustez hil zuen Beñat Aginagalderen aurkako epaiketa. Bigarrena. Izan ere, aurretik epaitu eta libre utzi zuen Auzitegi Nazionalak, froga faltagatik, baina Auzitegi Gorenak baliorik barik utzi zuen urtarrilean epai hori, fiskalaren eta familiaren helegite bana aintzat hartuta. Gaur egin dute bigarren epaiketaren auzi saioa eta Aginagaldek berretsi egin du errugabea dela. Akusazioaren lekuko batek ezagutu egin du Aginagalde. Isaias Carrascoren alabak eta emazteak ere deklaratu dute.

2008ko martxoaren 7an hil zuten Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia. Mondragoen bertan hil zuten. Etxe ondoan, San Andres auzoan. Bariku batez. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian. Handik egun bitara, domekan, egin ziren hauteskundeak. Rodriguez Zapaterok (PSOE) irabazi zituen hauteskundeok, bigarrenez. ETA egin zen erailketa haren erantzule.

Aginagalde 2010ean atxilotu zuten Frantzian. Azpeitian Inaxio Uria enpresaburua erail izana akusatuta. Isaias Carrasco hiltzea ere leporatu zioten Aginagalderi.

Medikuntza fakultatean

Lehenengo aldiz epaitu zutenean adierazi zuenez, 2008ko martxoaren 7an EHUko Medikuntza Fakultatean zegoen Beñat Aginagalde, azterketa bat egiten, eta ondoren Hernanira joan zen bazkaltzera lagun batekin. Lagun horrek berretsi egin zuen deklarazioa. Gaurkoan ere berretsi egin du orduan esandakoa Aginagaldek, eta baita defentsaren bi lekukoek ere.

Lehen epaiketa hartan, Auzitegi Nazionalak ontzat eman zituen bi lekukotzak, eta errugabetu egin zuen Aginagalde. Baina zaintza eraginkorrerako eskubidea urratu zela argudiatuta aurkeztu zuten helegitea fiskalak eta familiak. Bere garaian akusazioak proposatutako bi lekukok argazki bidez errekonozitu zuten Beñat Aginagalde, baina froga horiek baloirik barik utzi zituzten epaileek.

Atentatu tokian

Gaur berriro deklaratu dute akusazioaren bi lekukok. Lehenengoak berretsi egin du esandakoa eta ezagutu egin du Beñat Aginagalde. Carrasco tiroz hil zuten unean gertaera tokian ikusi zuela esan du lekukoak, nahiz eta adierazi duen gaur egun argalago dagoela. Besteak adierazi du ezin dezakeela errekonozitu Aginagalde 2008ko martxoaren 7ko goiz hartan Navas de Tolosa kaletik antxintxika irten zenetako moduan.

Isaias Carrascoren alaba Sandra eta emazte Marian Romerok ere deklaratu dute. Eta Madrilen, Auzitegi Nazionalean izan dira era berean euskal sozialisten exekutibako hainbat kide, Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusia horien artean.

Bigarren epaiketan fiskalak 32 urteko espetxe zigorra eskatuko du Aginagalderentzat.

Hasierako epaiari helegitea jarri zioten fiskalak eta Carrascoren senideek. Auzitegi Gorenak onartu egin zuen eta hori horrela epaitzen ari dira bigarrenez Auzitegi Nazionalean. Beste epaile batzuek, oraingoan: Alfonso Guevarak, Carmen Lamelak eta Clara Bayarrik.

Fiskalak 32 urteko espetxe zigorra eskatu du bigarren epaiketa honetan Aginagalderentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak