Ekainaren 25a, San Juan biharamuna, izango da, aurten ere, Umeen Eguna herriko jai nagusietan. Izan ere, egun horretan egongo dira, bereziki, umeei zuzendutako ekitaldiak, nahiz eta gainerako egunetan ere ez diren aspertuko.
Eguzkilaru
Eguzkilaruk modu adierazgarrian du markatuta ekainaren 25a. Buruan du gordeta egun hori. Beti izaten du hantxe, ez zaio ahazten. Eta aurtengo egunerako ze plan duen galdetuta, erantzuna garbia da: kalera ateratzea umeekin batera San Juan jaiak ospatzera. Umeei zein gaztetxoei, eta Eguzkilaruri berari ere, kostatuko zaie antolatuta dituzten ekintza guztietara heltzea. Izan ere, goizean goizetik egongo da zer egin, ikusi, entzun eta jan egun horretan.
Biteri plaza, esaterako, umeen gunea izango da. Han jarriko dituzte, besteak beste: puzgarriak, ludoteka, aurpegi margotzea, ohe elastikoak eta eskulan tailerrak.Zaldibarren, berriz, gazteei zuzendutako eskaintza egongo da, batez ere. Han egongo da, adibidez, jumping-a, balance bike-ak eta tailerrak egiteko aukera.
Makalaren igoera
Baina Eguzkilaruk hutsik egingo ez duen ekitaldia da, dudarik gabe, makalaren igoera. Eguerdian izango da hori, 12:00etan. Aurretik, ongietorria egingo diote Eguzkilaruri, eta ondoren izango da makalaren igoera. Herritar asko –gazteak tartean– erakartzen duen ekitaldia da hori eta ikusmin handia pizten duena ere bai. Eta hantxe izango da aurten ere Txatxilipurdiko kide den Eguzkilaru, herriko ume, gazte eta gurasoekin batera, denen aupadaz makala jasotzen.
Horren segidan, herriko kaleetan zehar ibiliko dira denak, kantuan eta dantzan. Izan ere, herriko trikitilariekin batera kalejiran joango dira denak Grupo San Juanera eta handik Zaldibarrera eta gero Biterira. Jokin Zaitegi plazan apar festa egongo da, Zeuk egiñ, zeuk jan herri bazkarira joan aurretik.
Bazkari horretan ere egongo da tokia, nola ez, ume eta gaztetxoendako. Beste behin, jolasak antolatu dituzte, gainera, bazkalosterako.
Ume-karroak Monterronen
Umeekin jolas egiteko edo paseatzeko toki aproposa izan arren, ekainaren 25ean pilatzen den beste ume-karro ez da askotan ikusiko Monterronen. Hain zuzen ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira gertakari horren arrazoia. Txo MikMak txikia ikuskizuna eskainiko dute aurten, eta, aurreko urteetan gertatu den moduan, aurten ere ondoan izango dituzte Arrasateko lagunak, tartean Eguzkilaru eta Beñat Porrotxin. 19:00etan izango da ikuskizuna, Monterronen, eta ume, gaztetxo, zein gurasoendako tokia egongo da.
Barrakak
Bestalde, barraketako langileek ere ondo baino hobeto izaten dituzte apuntatuta euren egutegietan herriko jai nagusiak noiz izaten diren. Haiek ere buruz dakizkite herri eta auzoetako jai egutegiak. Tartean, nola ez, Arrasatekoak.
Aurten ere etorri dira barrakak San Juan jaietara. Maiatzaren Bata plazan daude dagoeneko eta ekainaren 26ra arte dute baimena egoteko; hilaren 27an beste norabait joango dira. Prezioei dagokienez, inguruko beste herri handietakoak baino merkeagoak dira. Bergaran, Pazkoetan, bi euro balio zuen itzuliak eta Oñatin, Corpusetan, 1,80 euro. Arrasaten, baina, 1,50 euro da itzulia, eta, sei itzuli erosiz gero, zazpigarrena doan. Udaleko Kultura Sailetik adierazi duten moduan, ez zaie tasarik kobratzen, eta hori da arrazoia prezioak merkeagoak izateko.