Sanjuanak 2015 Arrasaten

Erraldoien konpartsak 30 urte

Miren Arregi Amasorrain 2015ko eka. 13a, 12:21

Azken urteetan jendea erakartzea lortu arren, gehiagoren beharra dute.

30 urte betetzen ditu aurten Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak. Urteurren borobila, inondik ere, eta, hori horrela, aurtengo San Juan jaiak bereziak izango dira konpartsarendako. Sortu zenetik gorabehera handiak izan ditu taldeak: "Jende beharrik ez izatetik beharra izatera pasatu zen". Duela zortzi bat urte, ondorengotza ziurtatuta ez zegoela ikusirik, ahalegin berezia egin zuen konpartsak jende berria eta, bereziki, ume eta gazteak bertara erakartzeko. Ahalegin hura emaitzak ematen ari da orain. "Orduan taldean sartu ziren gaztetxoak nagusien taldera pasatzen hasi dira. Egindako ahalegina ari da emaitzak ematen, bide onetik goaz", dio konpartsako kide Iñaki Artsuagak. Elkarteak gurako luke 70 pertsonako taldea osatzea, "behar den moduan atera ahal izateko erraldoi eta kilikiak". Egun, 30 inguru dira, hiru taldetan banatuta: "Txikien taldean 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoak daude; erdiko taldean 10 eta 14 urte bitartekoak; eta nagusien taldean 15 urtetik gorakoak", azaldu du.  

Erraldoi berriek pisu txikiagoa 

Erraldoi berriak egin zituen Udalak duela pare bat urte: "Erraldoi zaharrek 70 kilo inguru pisatzen zuten eta oraingoek 50 kilo dituzte. Desberdintasun handia gainean hartu behar duenarendako. Lehengoen berdin-berdinak dira oraingoak itxuraz, baina materialak askoz arinagoak dira", dio Artsuagak. Gaineratu du pisua ezin dela oztopo izan konpartsara gerturatu gura duen jendearendako: "50 kilo izan arren, oso ondo banatzen da pisua eta erraldoia daramanaren sentsazioa ez da hainbestekoa". Erraldoi eta Kilikien Konpartsa hainbatetan ibiltzen da Arrasateko kaleetan zehar. Sanjuanetan, Santamasetan eta Inauterietan, esaterako. Auzoko jai askotan ere egoten dira. Orain, sanjuanak gainean direla, gertu du konpartsak guztia erraldoi eta kilikiak dantzara ateratzeko.

San Juan bereziak

Bereziak izango dira aurten sanjuanak konpartsarendako. 30. urteurrena ospatzeko, erraldoien bilkura egingo dute ekainaren 27an, zapatua, Arrasaten. Deustuko, Txantreako, Baigorriko eta Urretxuko erraldoiak etorriko dira egun horretan. Eguerdian hasita, kalejira egingo dute kaleetan barrena eta Herriko Plazan bukatuko dute erakustaldia, euren ohiko dantzekin. Gainontzeko urteroko ekitaldiei ere ez die hutsik egingo konpartsak; adibidez, errementari-dantzan izango dira. San Juan egunean bandarekin elkartuta egingo dute emanaldia Seber Altuben; Monterronen emango diote bukaera egunari.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak