Urtero legez, alde zaharra eta erdigunea eta Monterron parkeko txosnak izango dira jaietako txokorik girotuenak. Sanjuanetako ikur diren ekintzek ere ez dute hutsik egingo auten. Biharko Dragoi Janean, txopoaren igoeran, danborradan zein kontzertuetan, besteak beste, jende ugariren partehartzea aurreikusten da.
Aurtengo nobedade nagusien artean, pasa den azaroan hildako R.I.P. taldeko kide zen Jul Bolinagari egingo dioten omenaldikontzertua dago. Ekainaren 27an izango da ekitaldia, 21:30ean hasita, Monterroneko txosnatan.
Erraldoi eta kilikiak
Arrasateko erraldoi eta kilikien konpartsak hogeita hamar urte betetzen ditu aurten. Urteurren borobila aitzaki, topaketa berezi bat antolatu dute aurtengo San Juanetarako, datorren zapatuan, hilaren 27a. Bertan, beste herri batzuetako erraldoi eta kiliki zein gaita-joleak izango dira: Urretxu, Deustua, Txantrea eta Baigorriko konpartsak gonbidatu dituzte. Guztiak elkarrekin, kalejira egingo dute erdigunean zehar.