Sanjuanak 2015 Arrasaten

Arrasateko punk-rocka taulara

Jagoba Domingo 2015ko eka. 13a, 12:08

Urtero bezala, San Juan jaietako gauetan musika izango da protagonista handietako bat, eta, aurtengo izarrak Governorsen metal goxoa eta Hesianen pop rocka diren arren, punk-rock musikak ordezkaritza izango du. Gainera, Arrasateko taldeek presentzia nabarmena izango dute herriko jaietan.

Ekainaren 20an, zapatua, entzungo dira lehenengo akordeak txosnagunean. San Juan jaietako kontzertu sorta zabaltzeko arduradunak Anger eta Governors izango dira. Arrasatearrek Sute perfektua diskoa kaleratu zuten joan den Durangoko Azokarako, eta, kritika onak jaso ostean, Euskal Herrian zehar hura aurkezten ibili dira. Hastapenetako metalari hainbat buelta eman dizkio laukote arrasatearrak, eta disko berrian funka, musika beltza eta rap zertzeladak sartu dituzte, betiko labela galdu barik. Sute perfektuaren ostean, Governorsen suak txosnagunea piztuko du. J. Sangre-k gidaturiko taldeak ohiko eztanda sonikoaz gor utziko ditu ikusleak. Duela hilabete batzuk Bilboko Santana aretoan grabatu zuten zuzenekoari jarraipena emango dio Governorsek.

Herriko punk-rocka kalera 

Astelehenean, ekainaren 22an, Arrasateko punkaren eta punk-rockaren erakusleiho izango da txosnagunea. Bertan herriko lau talde arituko dira: Los Quadrophenicos, The Convicts, Kadena Perpetua eta Los WC. 

Los Quadrophenicos izango da eguneko talde beteranoena, hamarkada bat daramate The Who, Johnny Thunders eta La Banda Trapera del Rio taldeen arteko koktela egiten. Los Quadrophenicos Rythm 'n' punk diskoa kalean du hirukoteak. 

The Convicts laukoteari, ostera, punk-oi! musika defendatzea egokituko zaio. Gazteak izan arren, urte nahikotxo eman dituzte errepidean, eta kalean bi erreferentzia dituzte: Maketa eta Interprete Desconocido aretxabaletarrekin batera ateratako diskoa. Los WC taldeak, ostera, punk britainiarra eta punk-rocka grinez eta gogotsu defendatuko du. 

Kadena Perpetuak, azkenaldian zeresan ematen ari den hirukote gazteak, 80ko hamarkadako punkari ohore egingo dio, belaunaldi berriek oraindik ere musikaren bidean jarraitzen dutela aldarrikatzeko.  

Erromeriaren txanda

Zarauztarrek ekarriko dute Arrasatera erromeria aurten. Fan & Go boskotea izango da, hain zuzen, erritmo dantzagarriz txosnagunea girotuko duen taldea. Eneritz Urrutia arrasatearra ere boskotearen parte da eta festa girorako gogoz etorriko dira.

Pop-rock eta ska koktela

Eguenean, txosnaguneko kontzertuei amaiera emateko, Hesian eta Skakeitan taldeak eta Tarantistak disko-jartzaileak igoko dira agertokira. Pop-rock musika ska estiloarekin fusioa egiten egin dira famatu Hesian eta Skakeitan, nork bere bidetik eraman dituen arren, eta gaur egun herrietako jai gehienetan presentzia duen musika estiloak ere Arrasaten izango du tokia. Hesian nafarrak Hegalak astintzen diskoaren biran murgilduta helduko dira Arrasatera –taldearen estudioko bosgarren diskoa–. Pop-rocka eta ska nahasten ditu zortzikoteak kantu itsaskorrekin eta haize-instrumentuekin jantzita.

Skakeitan, ostera, Donostiatik datorren zazpikotea da, eta, ska musika oinarri hartuta, pop-rockera egin du salto Arrasateko Mauka Musikagintza diskoetxearen taldeak. Orekariak diskoa kaleratu zuten 2014ko azaroan eta udan herriz herri eta plazaz plaza ibiliko dira azken lana jende aurrean aurkezten. Gauari amaiera emateko, Tarantistak Dj disko jartzaile gasteiztarrek erritmo dantzagarriak jarriko dituzte txosnagunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak