DANBORRADA | Nestor Maidagan: "Hobeto pasatzen da danborra jotzen"

Miren Arregi Amasorrain 2015ko eka. 13a, 11:55
Nestor Maidagan.

San Juan bezperan, hilaren 23an, gaueko hamaikak bueltan irtengo da Arrasaten nagusien danborrada Laubide plazatik. Hamar konpainiatan banatuta, 200 lagun aterako dira danborrak jotzen eta horiek guztiak zuzentzeko ardura izango du, beste behin, Nestor Maidagan arrasatearrak.

1999a ezkero diharduzu danborradako zuzendari nagusi. 

Aurtengoa hamazazpigarren danborrada izango da. Ustekabean hasi nintzen eta hor jarraitzen dut, bai.

Hutsik egin gabe urte hauetan guztietan?

Pare bat urtez zuzendari lanak egin ordez danbor-jotzaile gisa atera nintzen. Gerriko minak jota nengoen, eta ezin zuzendari moduan atera. Zuzendari aritzea gogorragoa da danborra jotzea baino. Alde batetik bestera ibili behar da, besoak gora eta behera, eta urte pare baten ezin izan nuen lan hori egin. Aurten zuzentzen egongo naiz.

Aita ere izan zen zuzendari nagusi. Etxetik datorkizu danborradarako zaletasuna.

Bai, aita Luis Mari urte askoan aritu zen eta danborradak 50. urteurrena bete zuenean bertan izan zen, abesti bat zuzentzen. Ni neu txikitatik atera izan naiz danborrada txikian. Nerabezaroan ere kuadrillakook parte hartu izan genuen nagusian eta gero utzi egin genion ateratzeari. 1998an deitu zidaten, jende gutxi zegoela esaten, zuzendariak utzi egin behar zuela... Eta hor bueltatu ginen, bai ni eta baita kuadrilla ere. SUDCetik etorri zitzaizkidan zuzendari lanak egingo ote nituen galdezka, eta nik baietz. Kuadrillak, bestetik, konpainia bat osatu zuen. 

Zuzentzearen edo danborra jotzearen artean aukeratu beharko bazenu?

Hobeto pasatzen da danborra jotzen. Sekulakoa da, haserre guztiak pasatzen zaizkizu. Zuzentzerakoan gauza asko izan behar dira kontuan. Askotan pentsatu izan dut zuzendari lana utzi eta danbor-jotzaile izatera pasatzea, baina zuzentzeak dituen gauza onez gogoratzen naiz eta baztertu egiten dut ideia hori. 

Danborradak izan ditu gorabeherak, ezinbestez, 55 urtean. 

1999an sekulako gorakada izan zuen danborradak. Ordura arte  bi konpainia ateratzen ziren eta urte hartan danborradari beste ukitu bat ematea bururatu zitzaion antolakuntzari. Hala, urte batetik bestera, bi konpainia izatetik hamar izatera pasatu zen danborrada. 

Parte hartzaile kopurua kontuan hartuta, beraz, orain dago bere momenturik onenean. 

Bai, esango nuke baietz. Harrezkero parte hartzea handia izan da. 

Handitze horrek ekarriko zuen jantziak, danborrak... dena berrantolatu beharra, ala?

Konpainia bakoitzak berea antolatzen du, bestela zaila izango litzateke. Jantziak norberak bilatzen ditu. Danborrak, berriz, inguruko herrietan eskatzen ditugu.

Zure jantzia benetan da dotorea. 

Elgetan pare bat urtez egin zen danborrada eta han zuzendari lanak egin zituenaren jantzia erabiltzen dut. Dotorea da oso, ederra benetan. Aurten ere horixe erabiliko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak