Taldea sortu berri eta argazki erakusketa antolatu; zein da helburua?
Oraindik hilabete batzuk bakarrik pasatu dira taldea sortu genuenetik, urtarriletik, hain zuzen, eta ekintzak egiten hastea zen kontua. Eta helburua? Herriko jaiak sustatzea eta ekintza berriren bat egitea. Diru laguntza eskatu dugu Udalean, eta hainbat ekintza egiteko konpromisoa hartu dugu; lehiaketa hau dago ekintza horien artean.
Noiz izango da?
Ekainaren 23an hasiko da, eta 25ean bukatu. Behin argazkiak aterata, geuk gordeko ditugu, ziurtatzeko ukitu asko ez dizkietela egin, beste urteren batean ateratakoak ez direla… Hilaren 25ean utzi beharko dira argazkiok Kajoi tabernan, eta kopiak aterako dizkiegu. Gero, norberak aukeratuko ditu horietatik bost eta guri bidali beharko dizkigu.
Izena aurrez eman beharko da?
Bai, ekainaren 23an, 12:00etatik 14:00etara, Kajoi tabernan, eta debalde da. Orduan azalduko dizkiegu parte-hartzaileei xehetasun guztiak, zalantzarik izan ez dezaten.
Eta gaia zein da?
Bost gai egongo dira, baina hasi aurretik esango dugu zeintzuk diren, aurretik ez.
Arrasatearrendako bakarrik da?
Ez, ez. Jaietan arrasatear asko kanpora joaten dela badakigu; horregatik, eskualdeko guztiei egiten diegu dei: Bergarakoei, Aretxabaletakoei, Eskoriatzakoei…
Epaimahaia zeintzuek osatuko dute?
Kajoi tabernako Antonio Murillok, Iñaki Riviere pintoreak, eta beste bat ere egongo da.
Zer baloratuko dute?
Kalitatea, teknika, sormena, eskatutako gaia behar bezala erakusten duen argazkiak…
Eta sari politak jarri dituzue.
Bai, horretan saiatu gara. Bilduma onenek garaikurra eta diru saria jasoko dute: lehenengoak, 300 euro; bigarrenak, 150 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. Eta argazki onenaren egileak 100 euro jasoko ditu.
Gazteendako ere badaude sariak.
Bai, 16 urte artekoendako bi sari: 400 euroko balioa duen Canon Eos M argazki kamera eta 100 euroko balioa duen tripodea.
Gazteen artean ere argazkilaritzarekiko zaletasuna bultzatu gura duzue?
Bai, anima daitezela horiek ere.
Gazteek argazki asko ateratzen dituzte egun, baina telefono mugikorrarekin.
Bai, baina hori beste kontu bat da; argazkia atera, filtro bati eman eta gertu daukate telefonoarekin. Baina lehiaketa beste zerbait da, betiko argazkilaritza sustatu gura dugu guk: enkoadraketa, konposaketa, teknikak…
Lehenengoz antolatu duzuenez lehiaketa, ez duzue jakingo zenbat lagun aurkeztuko diren, baina zenbat espero dituzue?
Ez dakit… Zaletasuna badagoela inguruan jakinik, nik uste dut jende asko etorriko dela; 40-50 bat elkartzea gurako nuke.
Artgazki taldea orain dela hilabete batzuk sortu duzue; zelakoak izan dira lehen pausoak?
Oso ondo doa, kontu mordoa gabiltza egiten; ikastaro pare bat egin ditugu dagoeneko, orain lehiaketa hau… Eta aurrera begira beste ikastaroren bat egiteko asmoa dugu, baita lehiaketa ere, eta erakusketaren bat edo beste. Lokala da oraindik ez daukaguna; eskaera eginda daukagu, eta ikusi egin behar...
Zenbat lagun elkartu zarete taldearen bueltan?
Bazkideok sarrera kuota jarri dugu dirutxo bat izan dezagun eta 38 bat gaude orain. Badakigu gehiagok ere badutela interesa; hortaz, egoitza lortzen dugunean eta ekintza gehiago egiten hasten garenean, uste dugu beste horrenbeste etorriko direla taldera.
Arrasaten argazkilaritzarako zaletasuna dagoen erakusgarri da hori?
Bai, Arrasaten eta inguruetan afizio handia dagoela esango nuke.