Ekainaren 23an, San Juan bezpera, "Monen ibilbidea" izeneko antzezlan ibiltaria egingo dute Ikusi Makusi taldeko Vanessa Gonzalez eta Igor Salak. Azken honek azaldu duenez, San Juan jaietarako bereziki prestatu duten antzezlana da.
Umeei zuzenduta dago bereziki, eta bertan Arrasateren sorreraren istorioa kontatuko dute, haien erara moldatuta.Horretarako, Ttek elektrotxarangaren laguntza izango dute ibilbidea musikaz girotzeko.
16:30ean bonba japoniarrak jaurtiko dituzte Laubide plazan, eta hori bukatu ostean abiatuko da antzezlan ibiltaria. Berrogeita hamar minutu eta ordubete bitarteko iraupena izango du ikuskizunak, eta Arrasateko alde zaharrean zehar ibiliko dira neska-mutikoak.
Hiru geraleku
Elkarren artean lotura duten hiru ipuin kontatuko dituzte, bakoitza istorioarekin zerikusia duen herriko txoko batean. Seber Altubeko arkuaren azpian, herensugearen garaian Arrasate nolakoa zen deskribatuko dute lehendabizi. Ondoren, Herriko plazan, Mon izeneko errementariaren istorioa kontatzen hasiko dira. Handik, jarraian, Arbolapetara joango dira, eta bertan istorioa nola amaitzen den entzun ahal izango dute. Ondoren, Seber Altube plazara itzuliko dira elektrotxarangarekin, eta bertan bukatuko da ibilbidea.