Alkatetza hartu zuen egunean, Udal Gobernuko kide izateko gonbidapena egin zien EAJk gainerako alderdiei. EH Bilduk, PSE-EEk, Baleikek eta Irabazik esku artean dute jeltzaleen proposamena.
Oraingoz, erabakia jakitera eman duen bakarra Irabaziko zinegotzi Juan Luis Merino izan da. "Ez dugu Udal Gobernuan parte hartuko. Ez dugu jeltzaleen proposamena onartuko", esan du.
Era berean, erabakia hartuta dauka EH Bilduk. Eguaztenean egindako herri batzarrean aurrera begirakoak eta udal aliantza proposamenak jorratu zituzten, eta erabakia hartu ere bai.
Hori ezagutarazteko agerraldi publikoa egingo dute: gaur, egubakoitza, 18:00etan, Kulturaten. "Herri batzarrean hartutako erabakia jakinaraziko dugu, EAJrekin berba egin ostean", azpimarratu du Eneko Barberenak.
Baleike eta PSE-EE
Bestalde, Baleike taldekoek udal gobernuan egoteko aukera aztertzen dihardute. Oraindik ez dute erabakirik hartu. "Ondo aztertu eta hausnartu behar dugu, azken erabakia hartu aurretik. EAJren proposamena goitik behera ondo begiratu gura dugu, eta oraingoz ez dugu ezer adostu. Hurrengo asteko martitzenerako edo eguaztenerako erabakia hartuko dugu", esan du Igor Urizarrek.
Azkenik, PSE-EEko kide Oscar Gartziari galdetuta, zera esan digu: "Oraingoz, ez dugu gai honen gaineko adierazpenik egingo".