Jarraian, Arrasateko Gure Esku Dagok ekainaren 21erako bidali duen azken oharra osorik:
"Iristear da horrenbeste itxaron dugun eguna. Ekainaren 21ean, hiriburuak betetzera goaz. Zu ere bertan nahi eta behar zaitugu. Beharrezko, ezinbesteko zarelako erabakitze eskubidea lau haizeetara aldarrikatzeko. Sinisten dugulako zuk, guk, guztiok eskuak helduta sortuko dugun borondatezko haize ufadaren indarrean. Ereiteak ematen omen ditu eta, bere fruituak. Horretarako, domekan Donostian ospatuko den festa erraldoian parte hartzera gonbidatu nahi ditu Gure Esku Dagok arrasatear guztiak. Iazko giza kate erraldoiari merezitako jarraipena eman, eta era berean, ekintzaz jositako egun batez gozatzeko aukera izango baitugu herritarrok.
Egunari hasiera emateko, oihal katea egingo da Urumea ibaiko sei zubietan. Hala, hilabete hauetan zehar taldeka apaindu eta jositako oihalek kolorez zipriztinduko dute hiria. Ondoren, aspertzeko tarterik ez eta zubirik zubi musikaz lagundutako kalejira egingo da Anoetaraino iritsi artean. Anoetan, arratsaldeko 17:30etan hasiko da ekitaldi nagusia, eta bertan ere, oihalak izango dira protagonista. Inork ez dezala pentsa, ordea, hor amaituko denik ospakizuna. Izan ere, 11:30etan Miniestadio inguruan hasitako kontzertu maratoiak segida izango du gauerdira bitartean.
Etxeko txikienek ere izango dute eguna non gozatu. Ilunben puzgarriak, apar-festa, tailerrak… egongo dira egun osoan zehar. 12:30etan “Ilunbe izarrez argitu” ikuskizuna izango da gozagarri, Irrien Lagunak eta gipuzkoako pailazoen eskutik. Ondoren, Irri Bazkarian tripa bete eta gero, 15:30etan dantzaldia izango da Irrien Lagunak eta Txantxariek lagunduta.
Oraindik sarrerarik ez eta erosteko asmoz bazabiltza, zaude lasai! Aste honetan Anoetako zein Ilunbeko sarrerak eskuratzeko aukera izango da Seberon jarriko den mahaian (egunero 19:00 eta 20:30ak bitartean). Ez ahaztu, baina, ostirala izango dela berauek lortzeko azken eguna.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan… Baietz bostak bete!"