Arrasateko atletek lan bikaina egin dute Zaragozan eta Madrilen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko eka. 15a, 11:12

Zaragozan jokatutako ohorezko mailako txapelketan, Arrasateko atletek lan bikaina egin dute. Perez, Uribarren eta Axpe izan dira Zaragozan. Madrilen, aldiz, Ruiz de Azua eta Carrascal izan dira. Hurrengo probak Tolosan eta Tarragonan izango dituzte.

Ohorezko mailako txapelketan Real Sociedad taldeko Jonathan Perezek 4,80ko pertika-jauzia egin du, sailkapenean hirugarren postua eskuratuz. Iñigo Uribarren, aldiz, bosgarrena izan da jauzi hirukoitzean 15,55 metroko jauzia eginda.
Atletico San Sebastian taldeko Maielan Axpek podiumeko hirugarren postua lortu du pertika-jauzian. 3,70 metroko jauzia egin du Axpek –eguaztenean, Ordizian, 4,10 metroko jauzia egin zuen–.

Madrilen lehenengo mailako lasterketa

Madrilen aldiz, lehenengo mailako txapelketa jokatu dute. Bidasoa Irun taldeko Malen Ruiz de Azuak lehenengo postua lortu du pertika-jauzian 4 metroko jauzia eginda. Ruiz de Azuak ere, eguaztenean, Ordizian 4,10 metroko jauzia egin zuen.
Eneko Carrascalek bigarren egin du luzera-jauzian, 6,87 metroko jauzia eginda –Arrasateko errekor berria lortu du–. Modu horretan, 2011an Chen Yin Jianek Basaurin egin zuen errekorra hautsi du Carrascalek. Gainera, nabarmendu behar da Carrascal izan daitekeela 7 metrotik gorako jauzia egin dezakeen lehenengo arrasatearra. Oraindik lehenengo mailako gaztea da Carrascal, eta etorkizun polita dauka.

Daniel Martinez

Zapatuan, Gasteizko Mendizorrotzan gazte mailako Daniel Martinezek 400 metroko lasterketa egin zuen: 52,68ko denbora egin zuen –Espainiako txapelketa jokatzeko gutxieneko denbora egin gura zuen, 51,5 baina euriarekin zaila izan zen–.

Hurrengo txapelketak

Zapatuan eta domekan Gipuzkoako kadete eta gazte mailako txapelketak jokatuko dituzte Tolosan. Bilboko Zorrotzan, aldiz, zapatuan pertika-jauziko atletak gonbidatuta daude Estatu mailako atleta onenekin batera salto egitera.

Ekainaren 27an eta 28an, aldiz, Espainiako promesa mailako Txapelketa jokatuko du Iñigo Uribarrenek Tarragonan; eta, gazte mailako Espainiako Txapelketa izango dute Ciudad Realen Eneko Carrascalek eta Ibai Fernandezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak