Agintaldi berrirako udalbatza eratzeko osoko bilkura bihar

Agintaldi berrirako udalbatza osatzeko ezohiko osoko bilkura egingo da bihar, zapatua, 12:00etan. Bi zati izango ditu bilkura bereziak; batetik, udalbatza eratuko da eta, bestetik, alkatea aukeratuko da. Azken orduko sorpresarik ezean, EAJko zerrendaburu Maria Ubarretxena izendatuko dute bihar Arrasateko alkate. 

Ezohiko osoko bilkurak bi zati izango ditu. Batetik, udalbatza eratzeko Adineko Mahaia osatuko da, zinegotzi zaharrenak, gazteenak eta Udal idazkariak osatua. Zaharrenak zinegotzi hautatuei zin egin edo hitza ematearen formula irakurriko die –bata edo bestea egin, balio bera du legearen aurrean–, baiezkoa eman dezaten. Ondoren, udalbatza eratu dela eta zinegotziek kargua hartu dutela aldarrikatuko du Adineko Mahaiburuak. 

Bigarren zatian alkatea aukeratuko da, eta kontrakorik adierazi ezean, zerrendaburu guztiak dira hautagai.  Bozketa horretan gehiengo osoa lortzen duen hautagaia –aldeko hamaika boto– izango da alkate. Aldiz, gehiengo hori lehen bozketan inork ez badu lortzen, boto gehien lortu zuen zerrendaburua aldarrikatuko da alkate, hots, EAJko Maria Ubarretxena.

Zumitzezko uztaia

Azken agintaldietako aldaketetan hori irudikatzeko ezer ez bada egin ere, eta aurtengoan printzipioz ere ezer egiteko asmorik ez bazegoen ere, biharko bilkuran jarduneko alkateak erabaki du alkate berriari, kargua hartu ondoren, zumitzezko uztaia eskura ematea. Gero, ohitura da alkate izendatu berriak agintaldi hasierako diskurtsoa egitea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.