Kulturateko pintura ikastaroan ari diren ikasleek eginiko 50 obra baino gehiago jarriko dituzte gaur Seber Altube plazan arratsaldeko bostetatik bederatzietara bitartean.
Ikusgai egongo diren margolan guztien artean, nabarmentzekoa da ia hiru urtean zehar 42 ikasleren artean osatu duten bat, bost metroko luzerakoa. Amaia Bengoa irakasleak ideia landu ostean, ikasle bakoitzak koadroaren zatitxo bat egin du, eta ondoren guztiak lotu eta koloreak berdindu dituzte. Zati guztiak paisaiaren gaia hartuta eta olio teknika erabiliz margotu dituzte. "Lan handia izan da", adierazi du Bengoak.
Koadroak inpresionismotik hasita abstrakzioraino izan diren mugimendu artistiko desberdinak erakusten ditu, lehen abangoardiatik pinturak izan duen bilakaera islatuz. Ikastaroan landutakoa praktikan jartzeko modu bat izan da.
Honetaz gain, ikasleek indibidualki eginiko obrak ere aterako dituzte Seber Altube plazara, 55 inguru guztira. Olio margolanak eta akuarela teknikaz eginikoak izango dira.
Artea jendeari hurbiltzen
Erakusketako koadro guztien ondoan azalpen bat idatzita daraman karteltxo bat jarriko dute, zein teknikarekin egin den eta zein mugimendutan kokatzen den argituz. Amaia Bengoaren esanetan, erakusketaren helburua "jendea artearen inguruan kulturizatzea" da.
Ikasleak eta irakaslea "gogoz" daude haien lanak jendaurrean erakusteko, bereziki horrenbeste denbora eskaini dioten elkarlanean eginiko koadro handia.