Hasierako kilometroetan lasai joan da etapa, lainoek bakea eman dute eta tropela batera iritsi da Kruzeta azpira. Han ere ez da erasorik egon, eta Arlaban jaitsi eta berehala hanka-sartze galanta, ihes eginda zihoan laukoteak bide okerra hartu duelako, Eskoriatza inguruan. Hala, tropela geratu egin dute epaileek eta ihes egindakoei lehengo abantaila eman [Minutu pasatxo]. Horrela iritsi dira Megan Guarnier (Boels Dolmans), Emma Johansson (Orica), Ashleigh Moolman (Bigla) eta Katarzina Niewiadoma (Rabo Liv) Garibaiko zuzenera, eta hor estatubatuarra gailendu da.
Esprintean indarrak parean izan dituzten Megan Guarnier –ezkerrean– (Boels Dolmans) eta Emma Johansson (Orica), irabazlea nor zen jakin aurretik, lagun giroan.
Eguneko protagonista guztiak, podiumean.
Hurrengoak, Bizkaian
Atariko proba Iurretan eta lehenengo etapa Arrasaten egin ostean Emakumeen Bira Bizkaira itzuliko da ostera ere, eta han jokatuko dituzte domekara arteko etapak. Eta oraindik kilometro asko geratzen dira. Bihar, egubakoitza, ziklistek 82 kilometroko etapa izango dute Maruri eta Fruiz artean, eta zapatuan 122 kilometrotako etapa gogorra Iurretan hasita; tartean, Zumeltzako eta Altamirako maldekin. Domekan, Markina-Xemeinen hasita etapa distantzian laburragoa izango da (86km), baina Gontzegaraigane eta Lekoitzgabe igo beharko dituzte.