San Juanak ekainaren 20tik 27ra bitartean ospatuko dira aurten, eta ez dira faltako urteroko ekitaldiak. Hala, ekainaren 23an herri bazkaria eta makalaren igoera egingo dituzte; Zeuk eiñ zeuk jan bazkari autogestionatu ere egingo dute…
Bihar, ekainaren 12a jarriko dituzte salgai herri bazkarirako tiketak, 15:30etatik aurrera; Irati, Jaizale eta Iluntz tabernetan. Gazteen kamiseta eta zapi moreak berriz, hilaren 19an banatuko dira 18:00etatik aurrera Gaztetxean.
Berrikuntzak txosnagunean
Txosnaguneko berrikuntzen artean, herri bazkari alternatiboa, nortasun agiri arrotzen jaurtiketa, herriko eragile eta artisauen azoka eta herriko taldeen kontzertuak izango dira. The Convictsek, Quadrophenikosek, Kadena Perpetuak eta WCk hartuko dute parte azken horretan.
Urrezko Dragoia Arrasate Rugby taldearentzat
Bestalde, azken urteetan bazterrean izandako ohitura bat ere berreskuratuko dute hilaren 26an, Urrezko Dragoia banatuz. Hemendik aurrera, herrian zeresana eman duen talde edo norbanako baten lana aitortuko dute Txosna Batzordeko hamar eragileek. Aurten, Arrasate Rugby Taldeari emango diote Urrezko Dragoia, mailaz igo ostean, hurrengo denboraldian lehenengo mailan izango direlako.
Ekainaren 20an hasiko dira San Juanak, eta herritarren parte-hartzea izango duen jai-gune euskaldun eta parekide bat eskaintzen ahalegindu direla adierazi dute Txosna Batzordetik. Gogorarazi dute era berean, hala gura duenak txosnetan lan egiteko eta makala igotzeko aukera duela.
Irati Libre eguna, zapatuan
Bestalde, Arrasateko Txosna Batzordearen bilgune izan den Irati tabernari eta Arrano elkarteari babesa emateko zapatuan ospatuko den Irati Libre egunean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.