Inaugurazio ekitaldi labur baten ondoren –MUko Vicente Atxak eta Jon Altunak eta Arrasateko jarduneko alkate Inazio Azkarragaurizarrek egin dute hori–, 15:00etan ireki ditu ateak III. Lanbai Enplegu eta Prestakuntza Azokak.
Lau gune daude eta denetan igarri da mugimendua hasiera-hasieratik, baina arrakasta berezia izan du enpresekin elkarrizketak egiteko guneak. Hor 33 enpresa daude 15 minutuko lan-elkarrizketak egiten eurekin lan egin nahiko luketen gazteei; aldez aurretik hitzartu behar zen elkarrizketa, baina oraindik txandak libre zeuzkaten enpresekin unean bertan eska zitekeen elkarrizketa, eta asmo horrekin zeuden mahaiaren inguruan hainbat gazte.
MUko ordezkari Susana Azpilikuetak azaldu duenez, hainbat enpresa profil zehatz bateko hautagaien bila etorri dira, eta badaude ere lan-eskaintzarekin etorri direnak, kontratua gaur bertan egiteko prest. Hori da, adibidez, KirolBat enpresaren kasua: marketin digital arloko langileak behar ditu.
Elkarrizketen gunea MUko ikasle eta ikasle ohiendako da, baina denondako zabalik dago curriculuma uzteko aukera, eta horiek jasotzera etorri dira 37 enpresa (iaz baino 12 gehiago).