Hasteko eta behin eskerrak eman nahi dizkiete eurengan konfiantza jarri zuten ia 3.400 arrasatearrei eta hauteskunde kanpainan lagundu zieten guztiei.
Arrasatetik eta bailaratik harago, "gazi gozoak" izan dira emaitzak: "Ezin dugu ukatu emaitza gazi-gozoak izan direnik. Nafarroako aldaketa haizeak edota Arabako emaitza onek ez dute estaltzen Bizkaian eta Gipuzkoan izan ditugun emaitzak. Gipuzkoan kudeaketak eta bertan hartutako erabakien molde eta moduak pasa digu faktura. Ez dugu gure eredua beste ereduekin era egoki baten aurrean jartzen jakin. 2011. urtean ilusioaren olatuak bultzatuta iritsi ginen kostaldera eta oraingoan ez dugu olatu hori harrotzerik lortu".
Hausnarketarako ordua
Emaitza horiek eskuan dituztela, hausnarketa abiatu du koalizio ezkertiar eta abertzaleak: "Hurrengo lau urteetan egingo dugun lana, EH Bilduren antolaketa eta beste hainbat konturen gainean hitz egiteko abiatu dugu. Gonbidapena luzatzen dugu gure oinarriak ere parte har dezan, horrela soilik aberastuko dugulako gure jarduna".