Organik taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko jende guztiarengana iristeko moduko obra berri bat egin nahi izan du Natalia Mongek. Horretarako, ororentzat gertukoak diren egunerokotasuneko istorioak kontatu nahi izan ditu.
Herri kirolak eta esku pilotaren mundua izango dira kontakizunaren testuinguru nagusia, eta honen bueltan istorio eta gai desberdin ugari landuko dituzte. Ospakizun eta arrakasta uneez gain, bakardadea, presioa eta beldurra bezalako sentimenduak irudikatuko ditu Eneko Balerdi dantzariak, eta ironia puntua ere ez zaio faltako espektakuluari. Publikoarengan txapeldun izatearen eta irabaztearen esanahiari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dute disziplina desberdinak uztartzen dituen proiektu berritzaile honen bitartez.
Arrasateko sorginak
Zazpi neska gaztek osatzen dute guztira Junkeraren eskutik sortutako Sorginak musika taldea, eta hauetariko hiru arrasatearrak dira: Amets Ormaetxea, Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez. Orain arte Txapeldun ikuskizunean Junkerarekin batera bi sorgin bakarrik aritu izan diren arren, oraingoan hiru izango dira, hiru mondragoetarrak hain justu ere.