Capachos taldeak zutik jarri ditu Amaia antzokiko ikus-entzuleak

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko mai. 31a, 15:41
Capachos taldekoak, Amaia antzokian emandako ikuskizunean.

Musikari ugarirekin bete zen atzo, zapatua, Amaia antzokiko agertokia. Capachos taldeak Gira el mundo azken proiektua aurkeztu zuen eta abesti ezagun ugarirekin Parisko maitasun istorio baten bidaiatzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek. Juan Luis Guerraren Burbujas de amor, Joan Manuel Serraten Lucia edota Jimmy Fontanaren El mundo kantuak entzun ahal izan ziren, besteak beste. Al-Andalus elkartearen 25. urteurrena ospatzeko egindako ikuskizuna izan zen.

Arrasateko andaluziarrek osatzen duten Al-Andalus elkartearen 25. urteurrena aprobetxatuta, Capachos taldearen azken lana ikusi ahal izan zen zapatuan Amaia antzokian. Arrasateren eta Kordobako Montilla herriaren arteko lotura du oinarri emanaldi horrek eta bertaratu ziren 200 lagundik gorak disfrutatu ahal izan zuten ikuskizunarekin.

Emanaldia hasi aurretik, Capachos taldeko piano-jotzaileak girotu zuen antzokia piano doinuekin, eta narratzailearen azalpen batzuen ostean, kontatutako eta kantatutako maitasun istorio baten lekuko izan ziren bertaratutakoak. Txalo zaparradak entzun ahal izan ziren abestien ostean.

Ikuskizunaren amaieran, antzokiko ikus-entzuleak zutik jarri ziren txaloka eta koru batzuk egitera ere ausartu ziren. Capachos taldekoek, ostera, esker hitzak izan zituzten bukaeran Arrasateko Udalarendakok eta baita Al-Andalus elkartearendako ere.

Al-Andalusen 25. urteurrena

Andaluziarrek osatzen duten elkartearen urteurrenaren harira egindako ikuskizuna izan zen eta Rafa Gomez elkarteko presidentea oso gustura zegoen ikuskizunaren ostean. Ikus-entzuleak "oso gustura" gelditu zirela azaldu du eta gaur, domeka, Zigarrola auzoko elkartean bazkaldu dute batera Capachos taldeko kideek eta Al-Andalus elkartekoek. Izan ere, Capachos taldekoak asteburua Arrasaten igaro dute, elkartekoekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak