Aurten 740 erretiratu inguru joan dira Musakolara SUDCek emandako bazkarian parte hartzera. Ausolanek zerbitzatu du eta hantxe izan dira ere zaintzaile asko eta larrialdietako langileak, dena ondo joan zedin ziurtatzeko.
Bazkaria ordu bietan hasi da, eta lauretan egin diete Francisca Ugarteri eta Andres Ugartebururi omenaldia; agurra dantzatu diete, Franciscari lore sorta eta Andresi txapela eman dizkiete, eta opari bana ere bai. Biek hunkituta eta pozarren jaso dute omenaldia, nahiz eta ez den aurten eurak omentzen dituzten lehenengo aldia.
SUDCeko Juan Luis Arkauzek azaldu duenez, pozik daude dena ondo joan delako, eta eguraldi ona egin duelako: "Beldur ginen hotz ez ote zuen egingo, baina oso ona egin du eta pozik gaude". Izan ere, kiroldegi barruan 550 lagunendako baimena dago, eta ez zuten inor kanpoan utzi gura; horregatik erabaki zuten kanpoan egitea bazkaria.
Parte-hartzaileak pozik eta jai giroan ibili dira bete-betean. Hala ere, hobetzeko gauza batzuk komentatu dituzte; esaterako, emakume batek esan du sartzeko orduan pilaketak egon direla eta inork min hartzeko moduko egoerak sortu direla.