Ohiko batzar orokorra egin du Fagor taldeak gaur goizean. Zazpi kooperatibetako ordezkariak elkartu dira Garaian, eta batzarra gidatu dute Joxean Alustiza Fagor taldeko lehendakariak; Amaia Agirre idazkari orokorrak; Aitor Irure Kontseilu Orokorreko idazkariak; eta, Mikel Uribeetxeberria Kontseilu Orokorreko lehendakari ordeak.
Taldearen lehentasuna
Azaldu dute Fagor taldearen lehentasuna 2014an izan zela Etxetresna Elektrikoetako 1895 bazkideei irtenbidea ematea. Horren harira, "kooperatiba guztiek azaldu duten prestutasuna eta borondatea" nabarmendu dute. Eta gaineratu dute datozen urteotan denon "konpromisoa ezinbestekoa" izango dela auziari "behin betiko irtenbide integrala" emateko.
Fagor Taldean kokatzeak izan dira: behin betiko 137 bazkide birkokatu dituzte, eta behin behinean 551.
Datu ekonomikoak
Datuei begira jarrita, 2014ko salmentak 1.340 milioi euro izan ziren, eta emaitza ia 31 milioi eurotakoa. Inbertsioen datuei begira jarrita, esan behar da 57 milioi euro inbertitu zituela Fagor taldeak 2014ean.
Langileei dagokienez, Euskal Herrian 5.303 langile ditu Fagorrek eta kanpoan 3.737. Lantegiak, aldiz, gehiago ditu kanpoan: 27 lantegi ditu Euskal Herritik kanpo eta Euskal Herrian 19.
30 filial komertzialen bitartez, beste hainbeste merkatuei erantzuteko modua du Fagorrek gaur egun.
Fagorreko bazkide aktiboak 3.808 dira.
Zazpi kooperatibek bat eginda, "Debagoienaren garapen ekonomikoaren eta sozialaren konpromisoari" erantzuten diotela azaldu dute batzar orokorrean.