Etxeko kadeteek, Ander Llodiok eta Ander Muruak, ausardiaz egin zioten aurre, kontuan hartuta gainera, Euskadiko txapelduna zela Astigarragako atzelaria eta urtebete zaharragoak zirela biak. Hala, atzetik joan arren partiduaren une askotan berdintzea ere lortu zuten. Azken berdinketa 18na izan zen, baina hantxe geratu ziren, eta azken emaitza 18-22 izan zen. "Pozik gaude egindako lanarekin, oso partidu zaila zela kontuan hartuta", zioen Ibai Bolinagak, entrenatzaileak.
Gazteek eroso irabazi
Joseba Garate eta Josu Egia gazteek indartsu ekin zioten partiduari hasieratik eta 8 eta 1eko errenta hartu zuten. Eta errenta horri eutsita garaipen erosoa lortu zuten: 22-15.
Seniorrek, ostera, ez zuten zereginik izan. Astigarragako bikotea oso indartsua zen eta partidu guztian izan ziren gehiago, Ibai Bolinaga eta Aritz Zuatzua arrasatearrek partidu txarra jokatu ez arren. Azken emaitza: 11-22. "Oiartzunekin batera Herri Arteko Txapelketa irabazteko faboritoa da Astigarraga eta bagenekien partidu zailak zirela. Gainera, bueltako kanporaketa geratzen da oraindik eta ez dugu amore emango", zioen Bolinagak. Hala, datorren, egubakoitzean, Astigarragan izango dira berriz aurrez aurre.