Jerez, Valentzia, Santiago, Gasteiz, Iruña eta Arizmendiko ikasleak ibili dira Arizmendiren Umezaintzako egoitzan lastoz egindako turismo bulego bat eraikitzen. Ikasle horiek, Ekokaleak lehiaketan parte hartu dute; zentru bakoitzak etxe baten diseinua egin du eta Arrasatera etorri dira aurrez ikasitakoa praktikan jartzera. Eta diseinu horietako batzuk, biharko jardunaldian sarituko dituzte. 55 proiektu aurkeztu dira guztira lehiaketan eta 120 ikasle baino gehiagok hartu dute parte.
Alemaniako bi irakasle izan dituzte gaur eraikitzen ibili diren etxea egiteko: Petra Jebens eta Alfred Zirkel, bioeraikuntzan adituak.
XXI. mendeko etxebizitza
Gaur egun gure bizitzaren %80a eraikin baten barruan pasatzen dugu. Ondorioz, eraikinak zerikusi handia du gure osasunean. Hori horrela, eraikinaren diseinuak, materialek eta instalakuntzek gure osasunean nolako eragina duten aldez aurretik ezagutzeak eta kontuan hartzeak garrantzi berezia hartzen dute. Hau ez bada horrela egiten, azken aldian hainbeste entzuten den eraikin eriaren sindromea sor dezake, eraikin horretako erabiltzailea gaixotuz. Gaiaren garrantziaz jabetuta, Arizmendi Ikastolak gai honetan adituak diren profesionalak gonbidatu ditu jardunaldiotara.