Jose Mari Iturrioz 'Zapa', Roberto Aranburu eta Emili Larrea erail zituzteneko kasuan, lekuko bila

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mai. 21a, 15:17

'Zapa', Aranburu eta Larrearen omenezko plaka, Udala plazan.

1978ko azaroaren 15ean Guardia Zibilak tiroz hil zituen ETAko kide Jose Mari Iturrioz Zapa, Komando Autonomo Antikapitalistako kide Roberto Aranburu eta Emili Larrea herritarraren auzia albiste bihurtu da berriro ere. Polizia gehiegikerien biktimak izan direnei segurtasun juridikoa eskaintzeko Jaurlaritzako komisioak eskatuta, Arrasaten emandako kasu horren gaineko ahalik eta argibide gehien izateko lekuko bila ari dira. Lekukotzak helarazteko bi modu daude: arrasatenegia@gmail.com helbide elektronikoa eta 635 759 473 telefono zenbakia. 

Gertakaria 18:00ak aldera eman zen eta Voluntarios. Semillas de Libertad liburuan jasotzen denez, Jose Mari Iturrioz Zapa, Roberto Aranburu eta Kike Zurutuza Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zirela, Aretxabaletako Guardia Zibilaren kuartela tirokatu zuten. Ondoren, auto batean ihes egin zuten Arrasaterantz. Aretxabaletako Guardia Zibilek jarraitu egin zituzten, Munar inguruan aurkitu arte.

Tiro egin, abisatu barik

Guardia Zibilak, abisurik eman barik, kotxea tirokatu zuen eta Iturrioz zein Aranburu hil zituen. Kike Zurutuza oso larriki zauritu zuten. Gutxira, Arrasateko Guardia Zibila hurbildu zen eta Aretxabaletako agenteak uniforme barik zeudenez, euren artean hasi ziren tiroka. Tiroketa horretan Emili Larrea herritarra hil zuten, eta beste hainbat herritar zauritu. 

Tiroketa eman zenean hainbat herritar zeudenez –puntako ordua zen–, eraildakoetako baten senitartekoak lekuko bila hasi dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak