Kanporaketa zaila izango da: "Bikote orekatuak dituzte, maila guztietan dituzte pilotari onak. Hala ere, guk baditugu gure armak, batez ere kadete eta gazte mailako pilotariak oso ondo dabiltza. Gure asmoa da Uarkapen ahalik eta emaitzarik onenak ateratzea, izan ere, Astigarragakoa oso frontoi berezia da", adierazi du arrasatearren entrenatzaile eta senior mailako pilotari Ibai Bolinagak.
Astigarragakoa pilotaleku txikia da, kalekoa, eta lurra berezia duena: "Gu ohituago gaude Uarkapekoa moduko frontoi handietan jokatzera", dio Bolinagak.
Lehen kanporaketarekin pozik
Andoaingo taldearen aurkako kanporaketarekin pozik daude pilotari arrasatearrak. Kadeteetako eta gazte mailako partidu guztiak irabazi zituzten eta senior mailako biak, ordea, galdu (4-2): "Oso ondo ikusi nituen kadeteak eta gazte mailako pilotariak; senior mailan apur bat eskasago ibili ginen Aritz [Zuatzua] eta biok, baina badago hobetzeko aukera".
Sei pilotari, gogotsu eta ilusioz
Sei pilotari dira, gogotsu eta ilusioz beteta. Kadeteetan, aurrelaria da Ander Murua da eta atzelaria Ander Llodio. Gazte mailan, aurrelari lanetan Joseba Garate dabil eta atzelaria da Josu Egia eta, amaitzeko, senior mailan Aritz Zuatzua da aurrelaria eta Ibai Bolinaga bera atzelaria.
Pilotari arrasatearrek badakite egubakoitzean jokatuko den joaneko kanporaketan aurkari zaila izango dutela aurrean, baina horrek ez die irabazteko goserik kendu. Ilusio handia dute, eta presio gutxi: "Lehen kanporaketa gainditu dugu eta Astigarraga moduko aurkari baten aurrean ez dugu ezer izango galtzeko. Gozatzera irtengo gara eta noski, irabaztera ere bai, baina ez dugu presio handirik". Bueltako kanporaketa hurrengo aste bukaeran jokatuko dute, Astigarragan.