Oskar Goitia da Mondragoneko Nazioarteko arduradun berria

Leire Kortabarria 2015ko mai. 20a, 18:20

Oskar Goitia.

Oskar Goitia izango da, maiatzaren 25a ezkero, Mondragon Korporazioko Nazioarteko saileko presidentea. Horrez gain, 2013a ezkero bezala, CM Automozio Dibisioaren presidenteordea izango da. 

Oskar Goitia Gasteizen jaio zen 1969an, eta Ingeniari Tekniko Mekanikoa da Mondragon Unibertsitatetik. 1990ean Wolhfarth GmbH enpresan hasi zuen bere ibilbide profesionala, motorretarako ekipamendu eta tresneria fabrikatzen duen Stuttgart inguruko enpresa horretako teknikari lanetan, eta Euskal Herrira itzuli zenean Mondragon Taldean sartu zen, Fagor Ederlan kooperatibako teknikari. 1994an Aurrenak-era igaro zen, eta kooperatiba horretan zuzendari komertzialaren kargua bete zuen (1994-1999) eta, ondoren, gerentearena (1999-2003). 2004an Loramendiko gerentzi kargua eskuratu zuen eta enpresa hori kooperatiba bihurtu eta Mondragon Korporazioan sartzeko prozesuan parte hartu zuen.

2009. urtean Mondragon Automozioko Zuzendaritza Nagusia hartu zuen bere gain, eta bertan eragile izan da Mondragon Automozioa osatzen duten kooperatiben bezeroekiko harreman estrategikoen hobekuntzan, nazioartekotzean eta elkarren arteko lankidetzan. 2013ko maiatzean Mondragoneko CM Automozio Dibisioko lehendakariorde izendatu zuten (Cikautxo eta Maier).

22 urteko nazioarteko profila

Orain dela 22 urtetik hona automobilgintzaren merkatu nagusiak zeharkatu ditu (AEB, Mexiko, Brasil, Hegoafrika, Europa, Errusia, India, Japonia eta Txina), horietan guztietan erregularki bisitak eta egonaldiak eginez, eta atzerriko talde kultur aniztunak eta lantegiak koordinatu ditu.

Ingelesez eta alemanez egiten du, euskaraz eta gaztelaniaz gain, eta bere ibilbide profesionalean automobilgintza eta makineriaren bertako zein Europako elkarteetako kontseiluetan parte hartu du, bere harremanen profila indartuz, bai sektoreko bezeroen maila altuetan, bai nazioarteko harreman instituzionaletan.

Ugarte, Schneiderrera

Goitiak Josu Ugarte arrasatearra ordezkatzen du postu horretan. Ugarte Schneider Electric enpresako Espainiako adarreko Industry saileko presidenteorde berria da eta Zonalde Iberikoko zuzendaritzako kide ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak