Alkatearen agur mezua:
"Gaurkoa azken plenoa denez, bukatu aurretik legealdi honen balorazio txiki bat eta aipamen batzuk egin nahi ditut. Momentu hau aprobetxatu nahi dut, lehenengo eta behin eskerrak emateko, herritarrei, Udal langileei, parte hartu duzuen oposizioko eta Gobernu kideei. Neurri batean denon artean lortu dugu gauzak aurrera ateratzea eta azken finean Arrasate hobetzea.
Tokatu zaigun legealdia ekonomiaren ikuspegitik bereziki gogorra izan da. Lau urteok gertakari ekonomikoz jositakoak izan dira, loteriarena salbu, beste guztiak denontzako notizia gordinak izan dira. Egoera zaila izanda ere, baina, pertsonen arazoei erantzuteko ardurari lehentasuna emanez Udalean indarrak atera ditugu.
Gainera, 2011n Udalean geneukan zorra nabarmen jaitsi dugu.
Hori ere ganoraz egindako kudeaketari esker izan da.
Halaber, ezberdinen arteko akordioa lortzen ere saiatu gara, horixe izan da gure beste erronketako bat. Eta hari horri helduta, arian-arian, legealdi honetan ekimen garrantzitsuak aurrera atera ditugu: Proiektuak, Enplegu plana, Plan Orokorra, TAO, Hondakinen akordioa, Euskaran Elkarlan Hitzarmena eta abar luze bat.
Eta ezberdinen arteko hariari tiraka, beste ur sakonago batzuetan ere murgiltzera atrebitu gara: Bizikidetzan eta gatazkaren konponbidean Arrasaten ere pausotxoren bat ematen hasteko, saiatu gara planteamendu bat egiten oinarrizkoak diren puntuok lantzeko:
- Gatazkaren konponbiderako guztien arteko elkarrizketa,
- Herritarren parte hartzea,
- Egia osoa eta kontakizun bermea
- Akordio politikoak eta sozialak bultzatzea.
Pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatu dugu, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea eskatu dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duen bezala.
Baina, beste arlo batzuetan aurrera pauso garrantzitsuak eman ditugun arren, gai honetan ez dugu lortu eta garbi dago Arrasaten berriz ahalegindu beharko garela Bizikidetzaren tresna horri heltzen hasteko.
Beste proiektu eta asmo batzuk mahai gainean gelditu dira baina, bueno, bizitza ez da gaur bukatzen, eta aurrerantzean jarraitzen dutenek izango dute aukera aurrera egin eta adostasunak lortzeko.
Azkenik, hemen jarraitzen duzuenei, baita jarraitzen ez duzuenei ere; gure lankide izan zen Raquel Diaz ahaztu gabe, denei, bihotz bihotzez zorionak eman nahi dizkizuet eta,
Zorte on ibilbide berrirako.
Mila esker guztioi!".