Aurkeztu dute Udaixe, 12 eta 17 urte arteko gaztetxoendako egitarau zabala uztailerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mai. 12a, 11:03

Piraguan ibiltzeko aukera eskainiko du aurten ere Udaixe egitasmoak.

Arrasateko Udal gazte txokoek gertu dute Udaixe, 12 eta 17 urte arteko gaztetxoendako "egitarau berezia". Uztailean ere aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten, ekainaren 29an hasi da eta uztailaren 17ra arte hainbat ekintza prestatu ditu Txatxilipurdik; ekintza horietako asko gaztetxoen proposamenen arabera egingo dira.

Antolaitzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, bi bloke izango ditu aurtengo Udaixek. Batetik 6ak Baietz izeneko ekimena izango dute: ekainaren 29tik uztailaren 10era arte sei ekintza burutuko dituzte eta horietatik bi lotu dituzte honezkero: Urdaibaira piraguan ibiltzera eta Lasturrera paintball-ean jolastera. Gainontzeko ekintzak gaztetxoen nahien arabera antolatuko dira: "Maiatzaren 29an izena eman duten guztiekin afari merienda bat egingo dugu Erdiguneko Gaztegunean, eta bertan asanblada bitartez, proposamenak jaso eta aztertu egingo ditugu egitasmoa pixkanaka denon artean osatzen joateko". Bloke horretan izena emateko 30 euro ordaindu beharko dira. 

Bestetik, Gazte Extrem blokea dago. Uztailaren 14tik 17ra lau egun eta hiru gau pasako dituzte Leixergaraten: "Abenturaz betetako egunak izango dira, non talde lana eta estrategia ezinbestekoak izango diren egunez egun aurrera egiteko". Bloke horretan izena emateko 20 ordaindu beharko dira; plazak mugatuak dira. 

Izen-ematea, maiatzaren 29ra arte 

Bloke bietan zein bietako baten eman daiteke izena, eta izen-ematea maiatzaren 29ra arte egongo da irekita. Izena emateko lekuak honako hauek dira: Udal gazte txoko zein erdiguneko Gaztegunean, Txatxilipurdi elkartean edota Gazte bulegoan. Esku-orria beteta eraman beharko da matrikularako diruarekin batera. Informazio gehiagorako: 943 79 54 46 (Txatxilipurdi) edo 943 25 20 65 (Gazte bulegoa). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak