Zapatukoa izan da egun handia Corazon de Encina elkartekoek urtero egiten dute kultura astearen barruan. Eguerdiko brindisa izaten da gonbidatuei harrera egiteko unea eta aurten Donostiako Extremadurako elkartea eta Laudioko Galizar etxekoak izan dituzte Arrasaten bisitan. Donostiako elkartetik, Virgen de Guadalupe abesbatz eta dantza taldea aritu zen arratsalde partean emanaldia eskaintzen.
Laudioko galizarrak gonbidatu dituzte aurten lehenengoz, "kultura guztien berri izan behar delako eta hango folklorea ere izugarri ederra delako", esan digu Arrasateko elkarteko presidente Santiago Dávilak. Arrasateko Udala ordezkatzen izan ziren alkatea eta Juan Antonio Barriocanal, zapatu gaueko afarian.
San Andres jaiekin batera hasi zituzten kultura asteko ekitaldiak eta primeran joan dela eta "jendearen parte hartzea ere primerakoa" izan dela, esan digu Dávilak. Gaur arratsaldean amaituko dute kultura astea, baina dagoeneko hurrengoarekin pentsatzen jarrita daude. Are gehiago, hurrengo urtean, 2016an, elkartearen 25. urteurrena izango da eta Corazon de Encinako lehendariak Goienari aurreratu dio "urte berezia izateagatik, kultura astea ere berezia izango dela".