Alkategaiak ezagutzen

Oscar Gartzia: "Ohore handi bat da sozialiston ideiei aurpegia ematea"

Miren Arregi Amasorrain 2015ko mai. 4a, 15:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | 35 urte ditu Arrasateko PSE-EEko alkategai Oscar Gartziak. Arrasateko idazkari orokorra izana da eta baita Gipuzkoako zuzendaritza batzordeko kide ere. Ez hori bakarrik, Eskoriatzan zinegotzi izan baitzen agintaldi batez. Alkategai izatearen ardura ohorez eta ilusioz hartu du. Ardura handia dela dakien arren, duela 21 urtetik kide den alderdi sozialista ordezkatzea ohore bat da harendako.

Hamalau urte bete zenituenetik alderdi sozialistan. Gazte-gaztetatik gauzak argi...

Noski baietz. Denok eduki beharko genituzke kontzeptu batzuk argi, eta nik txiki txikitatik jakin izan dut denok garela berdinak, aukera berdinak izan beharko genituzkeela pertsona guztiok eta ideia horiek defendatzen dituen alderdi bakarra alderdi sozialista dela.

Arrasateko PSE-EEn ere baduzu esperientzia. Eskoriatzan zinegotzi izana zara... Alkategai izateko pausua ematea ez zen zure kasuan zaila izango.

Niretzat sozialiston ideiei aurpegia ematea zerbait bada, da ohore handi bat. Eta beraz, ondo esan duzun moduan, erraza izan da pausu hori ematea. Erraza, eta batez ere, esandako moduan, ohore handi bat.

Nola hartu dute ingurukoek erabakia?

Argi dago ingurukoendako ez dela erraza. Ardura handiko kontua da eta ingurukoak dira egunero lagun izango ditudanak, nire eginkizunak aurrera eramaterako orduan.

Eta horien babesa ezinbestekoa da?

Zalantza barik bai. Erabat ezinbestekoa. Kontutan hartu egunero zortzi ordu egiten ditudala enpresan lanean eta horretaz gain, beste ordu asko egiten ditudala kanpainarako ideiak pentsatzen, horiek aurrera eramaten, eta orduak eta orduak pasatzen ditugula bileratan. Arrasate aurrera ateratzeko merezi du!

Hitz egiten duzu politikaz alderdikide ez direnekin?

Momentuaren arabera, baina normalean bai eta polita eta interesgarria da ikuspuntu desberdinak ezagutzea.

Aholkuak onartzen dituzten horietakoa zara?

Beti dira garrantzitsuak aholkuak baina askotan ematen ari den horrek ez ditu praktikan ipintzen eta hori ez zait gustatzen. Hala ere, nire lanaren zati handi bat hori da, jendeak esaten duen hori entzutea, beraz, noski onartzen ditudala aholkuak.

Denbora librean zer?

Kirola egitea, irakurtzea, filmaren bat ikustea... Denoi gustatzen zaizkigun horiek egitea.

Norekin duzu nahiago aisialdia igaro?

Zalantza barik nere familiarekin: Nire bi alabekin eta emaztearekin.

Bidaiatzea gustuko duzu?

Denbora izan behar da bidaiatzeko eta egia esan, tamalez azken urteotan ezinezko izan dut.

Noiz joan zinen azkenengoz lagunekin afaltzera?

Joan den astean.

Kasu egiten diezu komunikabideei?

Egunkaria irakurtzen dut eta telebista ere ikusten dut, baina, gehien gehien, ahoz ahokoa gustatzen zait. Jendeari entzutea. Ez naiz etxean edo bulegoan egotekoa, kalean pertsonekin egotea gustatzen zait.

Arrasateko zer aldatuko zenuke bihar bertan, zure esku balego?

Auzoei indarra emango nieke aurrekontuetan eta arrapala mekanikoak eta eskailera mekanikoak ipiniko nituzke, besteak beste, Makatzenan eta Erguinen.

Nola moldatzen zara euskaraz? Eta ingelesez edo frantsesez egiten duzu?

Euskara egunero erabiltzen dut, bai lanean eta baita ingurukoekin berba egiteko ere. Ingelesez ere hitz egiten dut eta italieraz ere moldatzen naiz.

Sare sozialetan zer moduz?

Nire sare soziala kalean egotea da eta jendeak jakin gura duena zuzenean entzutea. Digitalki, egia esan, ezer ez.

Zer da alkatetza lortuz gero egingo zenukeen lehenengo gauza?

Egingo nukeen lehenengo gauza atez atekoa eragoztea eta borondatezko bost edukiontziko sistemari jarraipena ematea.

Zer nolako emaitzak lortuko ditu alderdi sozialistak hauteskundeetan Arrasaten?

Irabaztera irten gara, beraz, irabaztea da helburua.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak