"Bilboko Mendi Film jaialdiaren ondorioa dela esan genezake. Abenduan egiten dugun nazioarteko zine jaialdian saritutako lanak ikusteko aukera ematen du Mendi Tourrek. Urte osoko lana eskatzen du hamar eguneko jaialdia prestatzeak, eta horregatik, bada, emanaldiak jaialdira mugatu beharrean, egindako lana aprobetxatzeko Euskal Herriko hamabi herritan erakutsiko ditugu aurten mendiko kirolak oinarri dituzten filmak", dio Jabi Baraiazarrak, Mendi Film jaialdiko zuzendariak.
Laugarrenez dator Arrasatera, Udalarekin eta Besaide mendi elkartearekin elkarlanean: "Herri bakoitzari bere ezaugarrien eta zaletasunen arabera egindako filmen zerrenda eskaintzen diogu, eta gero, bertako antolatzaileek aukeratzen dituzte zeintzuk erakutsi. Arrasatekoak eskaladari eta eskiari buruzkoak dira".
Film luze bat eta bi labur
Jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin erakutsiko dituzte Amaia antzokian Valley Uprising film luzea eta Icefall eta Afterglow film laburrak. "Jaialdiko sari nagusia eta ikusleen saria irabazi zituen film luzeak Yosemite bailara ospetsuan grabatutako istorio indartsua kontatzen du. Yosemiteko haranean egindako eskalada baten historia kontatzen du narrazio trebe baten bitartez, sekuentziak artxiboko irudiekin eta eskalatzaile handien elkarrizketekin nahastuta. Horrez gainera, AEBetako kontrakulturaren historiako pasarte garrantzitsuenak eta garai hartako arazo politiko eta sozialak ere aipatzen ditu. Film aparta da, zentzu guztietan; dibertigarria eta erabat entretenigarria da hasieratik bukaerara. Hiru aro ezberdinetan banatuta, 60 urtetako historia jasotzen du. Behin ikusita ikuslea ez da aseta geratuko, eta gertatzen ari da jendea Mendi Tour batetik bestera dabilela pelikula hori berriz ikustearren".
Erakutsiko dituzten film laburrak ere itzelak direla aitortzen du Baraiazarrak: "Biak ala biak zoragarriak dira estetika aldetik, eta baita erakusten duten goi mailako kirol jarduerengatik ere. Izenburuak adierazten duen moduan, izoztutako ur-jauzietako eskalada du oinarri Icefall-ek. Norvegian eta gauez filmatutakoa da, eta azaltzen diren ekintza guztiak era liluragarrian artifizialki argiztatutakoak dira. Protagonistak izen handiko eskalatzaile ikaragarriak dira, Europako izotz eskaladan trebeenetakoak: Dani Arnold, Stefan Siegrist eta Aljaz Anderle, horien artean. Izotz eskalada eta estetika hutsa maite dutenentzat aproposa; iraupenari dagokionez, laburra baina oso intentsua".
Eskiari buruzkoa da Alaskan eta Kanadan, hori ere gauez filmatutakoa, erakutsiko duten hirugarrena: Afterglow. "Misterioa eta eski akrobatikoan munduan dauden lau izar garrantzitsuenak dira filmaren osagaiak. Hamabi minutu bakarrik dituen arren, sei aste behar izan zituzten mimo handiarekin eta goi mailako teknikarekin filmatzeko".