Duela hilabete alkategai izango zinela esan izan balizute, zer pentsatuko zenuke?
Seguruenik hasieran barre apur egingo nuke, eta gero sinistu ezin duenaren aurpegia jarriko nuke; ez neukan buruan horrelako erantzukizun bat hartzea. Pisuzko erabakia izan zen: planteatu genuenean, guztion artean hitz egin eta ikusi nuen norbaitek eman behar zuela urratsa, eta neure burua horretarako prestatuta ikusi nuen.
Eta behin alkategai izango zarela erabakita, ingurukoek, lagunek eta familiak, zer esan dizute?
Denetarik esan didate: batzuek animoak eman dizkidate, beste batzuek non sartzen naizen ohartarazi... Baina erreakzio guztiak positiboak izan dira.
Aurretik ibilia zara politika kontuetan? Betidanik interesatu izan zaizu?
Inguru oso politizatu baten hazi naiz, politika beti izan da gai garrantzitsua nire bizitzan: politikaren eta historiaren inguruan asko irakurri eta hausnartu dut, eta horregatik hasi nintzen Zientzia Politikoak ikasten. Orain arte baina, ez dut inoiz politikan jarduterik pentsatu.
Zenbat aldiz entzun behar izan duzu ameslari hitza Podemoseko kide zarelako?
Beti esan izan didate badudala ameslari puntu bat, beraz, ez dut sarriago entzun behar izan. Baina ikusten dut ilusioaren beharra politikan: jende asko profesionalizatuta dagoela uste dut, gauzak aldatzeko gogo gutxirekin.
Kasta hitza oso erabilia bihurtu da Podemosi esker. Herri mailan ikusten duzu halakorik?
Kasta ez da bakarrik pertsona multzo bat, politika egiteko era bat ere bada: herritarren iritzia aintzat hartu gabe erabakitzea; jendearen beharren arabera beharrean, inguruko lagunen arabera erabakitzea... Uste dut zentzu horretan Arrasaten badagoela aldatzeko hainbat.
Pablo Iglesias aurrez aurre izango bazenu, zer esango zenioke?
Gainera datorkion guztia ikusita, erosi dezala aterki on bat.
Eta Rodrigo Ratori?
Jakina da justizian bi maila daudela, eta horrek errudun irtengo den edo ez zalantzak sortzen dizkit; baina errudun irteten bada, dirua bueltatzeko esango nioke. Horrelako jendeari, gutxi gehiago.
Imajinatu herriko alkate bihurtzen zarela. Zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen erabakia?
Bi erabaki hartuko nituzke. Batetik, Udalaren gastuaren eta eraginkortasunaren inguruko hausnarketa eta alderaketa bat egingo nuke; ea gastatzen dena benetako proiektuetan bilakatzen den. Bestetik, arrasatearren pobreziaren benetako azterketa bat egingo nuke. Informazio bila egon gara, baina ez dugu hausnarketa apropos bat aurkitu herriaren egoerari buruz. Uste dugu horrelako azterketa bi urtean behin egin beharko litzatekeela, herriaren argazki soziala zein den jakin eta erabakiak horren arabera hartzeko. Hala ere, oraindik programarako proposamenak biltzen gabiltza eta hiritarrekin eta asoziazioekin bilduz finkatuko dugu.
Zure etxetik gertu zer dago egoera txarrean edo konpontzeko premia duena?
Zer baino gehiago, nor: ez da asko ikusten, baina behar handia duen jende ugari dago. Elkarte batzuekin egon gara, eta esan digute ikusten ez den arren, beharra duen jendea egon badagoela, eta jende askok, lotsagatik-eta, ez duela bere egoera txarra denik esaten.
2015a hastearekin, zein erronka jarri zenizkion zure buruari?
Horrelako konpromisoak egunero hartzen ditut; izan ere, urte hasieran jarriz gero helburuak, lehenengo egunean betetzen dituzu, baina denborarekin ahazten zoaz.
Inoiz kolaboratu duzu Gobernuz Kanpoko Erakunderen batekin?
Gaztetatik hasi nintzen lanean asteburuetan-eta, eta 20 urteren bueltan, jardun osora lanean hasi behar izan nuen; beraz, beti informatuta egon naizen harren, ezin GKEren baten sartu ahal izan. Bai hartu nuen parte Maiatzaren 15aren inguruko ekintzetan.
Informatzeko orduan, zein euskarri erabili ohi duzu? Eta zein hedabide jarraitzen dituzu?
Albisteak paperean ere irakurtzen ditudan arren, batez ere hedabide digitalak kontsultatzen ditut: Goiena, Mondraberri... Telebista gutxiago erabiltzen dut informatzeko, informazioa prestatuta ematen dizutelako. Hori bai, hedabide bat kontsultatzean, beti hartzen dut aintzat zein ideologiatakoa den, beti jarri behar da filtroa. Konturatu garena da Udalari buruzko informazio bilatzea ez dela erraza, eta hori aldatzeko asmoa dugu.
Sare sozialen ohiko erabiltzailea?
Bai, momentu honetan nahi baino gehiago, gainera. Erreminta ona iruditzen zaizkit eguneroko kontaktu pertsonalik ez duzun jendearekin komunikatzeko. Orain, kanpainarako-eta, erabilgarriak dira oso.
Egunerokotasunean zein hizkuntza erabiltzen duzu?
Gaztelania eta euskara, biak erabili izan ditut txikitatik: etxean eta familiarekin euskara; lanean batez ere gaztelania, eta lagunekin, biak.
Zein izan da egon zaren azken kontzertua?
Azkena iazko Donostiko Jazzaldian izango zen. Asko gustatzen zait musika, baina ez dut asti askorik kontzertuetara joateko. Denetarik entzuten dut: bluesa, jazza, rapa, rock-and-rolla...
Eta mezatara joan zaren azken aldla?
Familiako ekitaldi batean.
Zein izan da egin duzun azken oparia?
Liburu bat: agun bati Game of Thrones-en liburu bat oparitu nion. Esan, hori bai, Pablo Iglesiasek Felipe VI.ari egin zion oparia baino askoz lehenago izan zela.
Zein izango litzateke zuretzat asteburu baterako plan perfektua?
Lagunekin irteeratxoren bat egitea, lasai-lasai ibili eta egunerokotasunetik ihes egiteko. Jai handiak alde batera uzten hasi naiz.
Zein da inoiz ahaztuko ez duzun bidaia?
Beka bati esker, hamalau urterekin hilabete pasatu nuen bakarrik Bostonen, AEBtan. Imajinatu! Ingelesa ikasteko bakarrik ez, bizitzaren inguruan ere asko ikasteko balio izan zidan.
Hiriburu handi baten bizi beharko bazina, non?
Ez naiz hiri handien oso zalea, baina asko bidaiatu dut Bartzelonara, eta asko gustatzen zait; hiri kosmopolita iruditzen zait, kolore askotakoa.