Ixtear da Gosariak lan berezia eta entzutetsua aurkezteko etapa. Lehenago, baina, etxean joko du Gose taldeak. Bihar, zapatua, izango da hori, AGAKOren 24. urteurreneko ekitaldien barruan. Sarrerak salgai daude Ttukun dendan eta Jai Zale tabernan, bost eurotan.
Laburra bezain oparoa izan da Gosariak lanaren aurkezpen bira. Urrian, Bilboko Guggenheim museoan aurkeztu zuten Joseba Sarrionandiaren, Gose hirukotearen eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoen arteko elkarlanaren emaitza den proposamena. Durangoko Azokan oihartzun handia izan zuen eta ordutik hona makina bat kontzertu eman du Gose taldeak Euskal Herri osoan.
Hasieratik jakinarazi zuten kontzertu sorta zabala egiteko asmoa zutela, baina Gosariak lanaren zuzeneko emanaldiek epemuga izango zutela. Hala, Arrasateko taldeak maiatzaren 30ean amaituko du etapa berezi hori, Tolosako Bonberenean. Aurretik, azken geldialdia egingo dute etxean: Arrasateko gaztetxean joko dute bihar, 22:00etan.
Egindako lanarekin gustura
"Bueltan gara etxean", adierazi du Gose taldeko Ines Osinagak. "Leku askotan jo dugu, eta pozik itzuliko gara etxera", gaineratu du. Gosariak lanarekin egindako emanaldiekin gustura agertu da: "Bidean asko disfrutatu dugu, eta oso garrantzitsua da hori", nabarmendu du. Gertu da Gose zapatuko emanaldirako.