Mondrako zale eta jokalariek beste astebetez eutsiko diote ilusioari, Amaikak Bati irabazita Mutrikuk egiten duena egiten duela ez duelako aldea handituko. Bi taldeen artean 5 puntuko aldea dago, baina azken partiduan elkarren kontra jokatuko dutela jakinda, Mojategin 3 partidutan 2 puntuko aldea txikitzeko esperantzaz daude, eta horretarako lanean.
Txarto hasi dira, gero zuzentzeko
Jokoari dagokionean ez, baina markagailuari begira Mondra txarto hasi da gaur, hainbat gol aukera aprobetxatu ez, eta defentsako akats batean Amaikak Batek 0-1ekoa egin duenean. Halaxe erretiratu dira bi taldeak aldagelara, baina handik bueltan Mondrak beste aurpegi bat erakutsi du. Berdinketaren gola Markel Gonzalezen eskutik etorri da (bi gol egin ditu arrasatearrak) atezainaren opari bat aprobetxatuta, eta 2-1ekoa Uribarrenena izan da.
Bazirudien zailena eginda zegoela, baina Ander Ruiz de Azuak azpimarratzeko moduko gelditua egin du aurrelariaren kontrako aurrez aurreko baten, eta zaleek egindako geldiketa erabakigarria txaloz errekonozitu diote. Hala, ustez lasaitasunaren gola izan behar zena Gonzalezek egin du (3-1), baina debatarrek 3-2koa egin eta azken minutuak gura baino luzeagoak egin zaizkie zuri-moreei.