Ekuadorreko Angela Arboleda ipuin kontalariak kontatu du ekitaldiko lehenengo ipuina: Rojos y de tacón colorado. Zapata gorri batzuei buruzko ipuina izan da eta zapaten takoi-hotsekin lagundutako istorioa kontatu du Arboledak; Burgosen hasi, Buenos Airesera bidaiatu eta amaiera Ekuadorren eman dio kontalariak ipuinari. Tango ukitua ere izan du istorioak eta bere bizitzako pasarteak eta asmatutakoak tartekatu ditu. Ia ordubetez ipuina kontatzen egon ostean, herritarren txalo zaparrada jaso du.
Portugaleko Luis Correia ipuin kontalariak kontatu du bigarren ipuina, Tina izeneko akordeoiaren laguntzarekin. Berak kontatutako istorioek maitasunaz eta gorrotoaz, ezbeharrez eta kointzidentziez hitz egin dute. Baina, batez ere, harremanei buruzko kontuei buruz jardun da Correia goxotasunarekin. Musikaren laguntzarekin, giro paregabea lortu du.
Euskaraz kontatutako ipuina izan da azkena. Josu Kamara Euskal Herriko ipuin kontalariak Urrezko sagarra izeneko ipuina kontatu du. Pertsonaien rolen aldaketarekin jolastu du Kamarak eta entzuleak adi-adi izan dira istorioa entzuten. Belarriak erne jarrita, ipuinen munduan murgilduta izan dira bertaratu diren arrasatearrak.