Udalak Sendo SL ingeniaritza enpresa kontratatu zuen bere garaian, Arrasateko bideak katalogatu eta gero inbentarioa egiteko. Hor sartu dira bai Udalak urteetan asfaltatu edo hormigoitu dituenak bai zolatu ez direnak, hala nola, antzina-antzinako erabilera izan duten gurdi bideak eta bidezidorrak izan direnak. Lan hori 2006an eta 2007an egin zen eta ondoren etenaldia izan zuen. Lanaren garrantziarekin jabetuta, baina, 2014ko azaroan pertsona bat kontratatu zuen horrekin jarraitzeko. Hala, erantzun barik zeuden kontsultak aztertu dira eta inbentario berri bat idatzi da. Gaur onartu dute aho batez Arrasateko jabetza publikoko landa bideen inbentarioa eta hori Udaleko ondasunen inbentarioan sartzea.
Unibertsitateko ikasketen erreformaren aurkako mozioa
Arrasateko Gazteria Sozialistak, bestalde, mozioa aurkeztu du unibertsitateko ikasketen ordenazioaren erreforma gaitzesteko. Espainiako gobernuak unibertsitateei aukera emango die erreforma horrekin hiru urtetako graduak eskaintzeko eta bi urtetako masterrak. Mario Reyes ordezkariak jakinarazi du ikasketen "garestitzea" ekarriko duela horrek eta ikasleak "nahastu" egingo dituela. Horregatik, mozioaren bitartez, erreforma erretiratzea, eta behintzat 2017a arte ez aplikatzea eskatu dute sozialistek.
Bildu, Aralar eta EAJ alderdiak bat etorri dira sozialistekin eta adierazi dute erreformak ikasketen garestitzea ekarriko duela, aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna areagotuko duela eta hezkuntzaren kalitatea murriztuko duela. Baina abstenitu egin dira hiru alderdiak Espainiari begira egon barik "Euskal hezkuntza sistema propioa" behar delako hemen. Hala, Alderdi Sozialistako lau kideen botoekin onartu da mozioa.