Gure Esku Dago ekimenarentzat ekainaren 21ekoa izango da aurtengo egun handia. Ospakizun jaialdiak egingo dituze hiriburuetan, hautestontzi erraldoiak jasoaz, eta egun horretan ere "herritarren borondatea irudikatzeko" oihal erraldoia osatu gura dute, "kontzientzia josten" ari dela adierazteko.
Oihal bakoitzeko 20 bat herritarren gogoetak jasoko dira eta txatal guztiak elkarrekin josiko dituzte herririk herri. Arrasaten hori apirilaren 25ean egingo dute. Festa giroa egotea da asmoa eta horretarako akrobatak eta trikitilariak egongo dira eta jan zein edatekoa ere banatuko da.