Hego Euskal Herrian eta Espainian jokatzen da Colegial & Bifrutas Kopa, eta konferentziatan banatzen da, zonaldeen eta erkidegoen arabera; bederatzi dira, denetara. Bada, Euskal Herriko finalera ailegatu da Arizmendi eta gaur jakingo da zein den txapelduna.
Emaitza edozein izanda ere, Arizmendik lorpen handia eginda bukatuko du txapelketa, izan ere, aurten estreinatu da parte-hartzaile gisa; kontuan hartu behar da Colegial Kopa txapelketak bederatzi urteko ibilbidea duela, baina aurrez jokatzen zen Series Colegiales txapelketa ospetsuaren oinordekoa dela. Aurreko hartan lehiatu izandakoa da Arizmendi, baina ez txapelketa berrian.
Hasierako urduritasuna gaindituta, eta faboritoen artean ez egon arren –lehenengo partiduan izan ezik, ia beste guztietan atzetik joan ziren–, finalean sartzea lortu du Arizmendik. Arizmendi Kirol Elkarteko ordezkari Urtzi Amianoren esanetan, horrenbestez, "oso esperientzia polita" bizi izan dute. Berak azpimarratzen du, gainera, jokalari guztiak Ointxe taldekoak direla.
100 ikastetxetik gora
Bi hilabetean jokatu da Colegial & Bifrutas txapelketa. Ikastetxeak dira bertako partaideak –100 baino gehiago lehiatu dira Hego Euskal Herrian eta Espainian–, eta Euskal Herrian 20 partidu baino gehiago jokatu dira gizonezko eta emakumezkoetan. Gaur, egubakoitza, bien finalak jokatuko dira. Marianisten kiroldegia izan da Euskal Herriko txapelketako egoitza, eta bertan jokatuko dira partiduak.
Gizonezkoetan, Arizmendik Corazonistasen aurka jokatuko du, 20:00etan. Aurretik, emakumezkoen finala jokatuko dute San Viatorrek eta Ekialdek, 18:00etan. San Viatorreko neskak txapeldun titulua errepikatzen saiatuko dira.