Debagoieneko Ospitalearen obrekin loturik, 2008an sinatutako hitzarmen baten, zenbait konpromiso hartu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak Arrasateko Udalarekiko. Alde batetik, Jaurlaritzak Udalari lagatzea 1.288 metro koadroko orube bat; garai hartan ospitalearen eraikina zenaren atzealdeko partea osotzen zuena, hain zuzen. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aurreikusita zegoen Zerrajera eremua eta Zalduspekoa lotzeko Txaeta kalearen jarraipena egitea orube horretan.
Zalduspe urbanizatzeko asmoa
Maiatzeko osoko bilkuran onartzekoa den Plan Orokor berrian aurreikusten da Zalduspeko eremu guztia urbanizatzea. Asmo horrekin Udala eremu horretako lur eta eraikinen jabeekin biltzen aritu da, eremuaren hirigintza garapena bultzatzeko. Zenbait hilabetez elkarrizketetan aritu ostean, Udala jabe guztiekin heldu da akordioetara. Horrenbestez, Zalduspe eremua gertu dago etorkizunean urbanizatzeko.