2008an Euskal Herriko rock instrumentalaren ur geldoak aztoratzen hasi aurretik, beste hainbat proiektutan ibiliak dira arrasatearrak, guztiak rock-and-rolleroak eta indartsuak: The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls eta beste.
Rock-and-roll izerditsua egiten aritu ostean, Arrasateko laukoteak Los Galerna sortu eta, erronka moduan, rock instrumentala hartu zuen jomugan. Lehenengo diskoarekin The Ventures, The Shadows eta surf-rockaren beste hainbat klasikoren tamainako piezak plazaratu zituzten eta oinarrizko proba gainditu. Surfusion diskoa egiteko, berriz, saxoarekin boskote bihurtu eta garapen zein irudimenez jositako kantuak idatzi zituzten, latino eta funkytik, surf-rock klasikotik, psikodeliatik eta garagetik barra-barra edaten dutenak.
Punk eta rock-and-roll bizienaren astindua
Taldeak ez du hurbilean lehiakiderik eta, edozein agertokitan direla, kanpoan jotzen dutenean ere, maila oso goian uzten dute, mexikarrek egiaztatu ahal izan duten moduan. Hain zuzen ere, taldeak, ikuskizuna ematearekin batera, punk eta rock-and-roll bizienaren astindua ematen die ahotsik gabeko kantu are eta irekienei. 2013ko irailean Akelarre izeneko hirugarren lana kaleratu zuen.
Mexikoko kontzertuen kartela: