Iñigo Altzola: "Udalatxen bizkorrena denak Joseba Iglesias saria jasoko du"

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 28a, 09:00

Iñigo Altzola.

Apirilaren 19an jokatuko dute lehenengoz Udalatx mendi lasterketa. Mondraitz elkarteak antolatu du, eta bertako kide Iñigo Altzolak azken kontuak gogorarazi ditu.

Eguna baino lehen egin beharreko lan guztiak eginda daude?
Bai, eguna iristeko zain gaude orain, guztia ondo joango den urduritasun horrekin.

Izena emateko epea itxita dago?
Ez. 250 korrikalarirendako lekua dago eta lehen 200ak hilabeteren bueltan bete ziren. 50 dortsal gorde egin genituen badaezpada, baina ikusi dugu inguruko gehienak izena emanda daudela eta kanpokoak direla gutxiago, hortaz, zabaltzea erabaki dugu. hamar bat leku geratzen dira oraindik.

Proba herrikoia izatea gura zenuten, hala izango da?
Antolatzaileon asmoa zen herritarrek gozatzea lasterketa honekin, baina argi utzita mendi lasterketa bat dala. Jendea ezin da etorri gertatu barik.

Goi mailako lasterkariak ere izango dira, ezta?
Bai, Oihana Kortazar egongo da, Imanol Goñi, Iñigo Lariz, Eskoriatzako Iñaki Uribeetxebarria, Aritz Kortabarria... Azken momentuan lotu ditugu eta eurak ere pozik gure parajeak ezagutzeko.

Zeuk, Iñigo, hartuko duzu parte?
Bai, antolatzaileek ere barrutik bizitzea lasterketa komeni dela pentsatuta aukera eman didate, eta ni oso pozik.

Zein ezaugarri ditu probak?
21 kilometroren bueltako ibilbidea da, 1.300 metroko maldarekin. Herriko Plazatik irtengo gara eta Monterronetik San Kristobaleko hilerrira igo; Meatzerrekara jaitsiko gara gero eta Udala auzora joan. Udalatxera igo eta Besaidera jaitsiko gara, eta Udalatik behera, Monterronetik bueltan, plazara. Lau anoa-postu egongo dira eta bosgarren bat helmugan; jatekoa eta edatekoa izango dira guztietan, Udalatxen izan ezik, edatekoa bakarrik egongo da. Erabaki dugu Udalatik Udalatxerako igoerako denborak hartzea eta azkarrenak (eta proba bukatzen duenak) sari berezia izango du. Orain dela bost urte Udalatxen hil zen Joseba Iglesias oroitzea gura izan dugu sari horrekin.

Eta korrikalariok zenbat denbora beharko duzue hori egiteko?
Izena emandakoak zeintzuk diren jakinda pentsatzen dut bi orduren bueltan ibiliko direla lehenengoak. Jakin, gainera, Udalatxeko jaitsiera bi orduren bueltan egiten ez duena kanporatua izango dela.

Zuk ondo ezagutzen duzu paraje hori, non egongo da gakoa?
Hasiera arriskutsua da, igoera gogorra duelako San Kristobaleko hilerrira, eta oraindik berotu barik egonda indar asko gal daiteke. Kontuan hartu behar da gainera, Udalatxeko jaitsiera bukatutakoan oraindik bederatzigarren kilometroa izango dela, eta asko dagoela aurretik.

Eta zein ikusten duzu txapelduna?
Imanol Goñi ikusten dut irabazle, baina podiumerako norgehiagoka gogorra izango da. Eta emakumeetan Oihana Kortazar, noski.

Ikusleek nondik ikusi ahal izango dute ondo?
Eguraldiak laguntzen badu Udalatxeko igoera oso polita izango da, baita jaitsiera ere. Herrira sarrera ere hunkigarria izan daiteke, eta mendira joan gura ez duenak Udala dauka; bi aldiz pasatuko gara handik lehenengo gorantz eta gero beherantz.

Laguntza eskatu behar izango zenuten antolatzeko, ezta?
Bai, ingurukoen laguntza barik ez litzateke egongo lasterketarik. Aurretik pentsatu ere egin gabeko gastu mordoa daude eta ondo antolatu gura izanez gero laguntza handia behar genuela konturatu ginen. Kartela egunotan aterako dugu eta han ikusiko da zenbat laguntzaile izan ditugun; herriko komertzio txikiek ez dute asko irabaziko gure kartelean agertuta, baina herriak asko irabaziko du eurei esker eta poztekoa da halako laguntza jaso izana.

Egunean bertan ere beharko duzue laguntza…
Bai, boluntarioen bila gabiltza eta jende asko hurreratu zaigu interesa agertuta. Jende mordoa beharko da, baina ez dut uste arazorik izango dugunik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak