Sei final ditu Mondrak hemendik aurrera, lehena domekan, Orion

Mondrako eta Aretxabaletako jokalariak norgehiagokan joan den zapatuan.

Atzera kontaketa hasiko du aste bukaeran Mondrak. Sei jardunaldi geratzen dira denboraldia bukatzeko eta sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko hil ala bizikoak izango dira partidu guztiak. Lehenengoa domekan dute, Orion, 16:30ean, sailkapeneko buruan indartsu dagoen Getariako Ketaren aurka.

Erregional preferenteko taldearen ardura Gabonetan hartu zuen Josu Zubiak eta ordutik "ilusioa" berreskuratu dute jokalari arrasatearrek. “Oso ondo dabiltza lanean mutilak, aurrera egiteko gogotsu eta egindako lanaren emaitzak hor daude”, dio Zubia entrenatzaileak. Hala, sei partidu irabazi dituzte jarraian; gero zestoarren aurka galdu, baina horri buelta emateko joan den astean 3-0 irabazi Aretxabaletari.

Hirugarren dago sailkapenean Mondra 45 punturekin eta horien helburua da bigarren, 48 punturekin, dagoen Mutrikuri postua kentzea. Izan ere, bigarrenak mailaz igotzeko aukera izango du gero, eta horixe da Mondraren helburua. Horretarako partidu garrantzitsuak dituzte aurrez aurre, zailak, eta gogor borrokatu beharko dituzte minutu guztiak irabazi gura izanez gero. Eta lehenengoa izango da zailenetakoa, sailkapenean 62 puntu dituen Getariako Ketaren etxean hain zuzen: "Gogorra izango da partidua, bai, baina eurendako ere bai; gu bolada onean gaude eta lasaitasunez jokatuz gero ia irabazten dugun".

Zaleak animatu nahia

Mondrarekin puntuetara berdinduta dagoen Urola ere arerio zaila izango da, eta hiru puntu gutxiago dituen Amaika Bat ere bai. Izan ere, guztiak joango dira bigarren postuaren bila: "Osteko jardunaldia Amaika Baten aurka dugu etxean. Eta nik uste aipatutako bi partiduok irabaziz gero gure helburua lortzeko pausu handia emango dugula".

Zubiak argi du partiduz partidu joan beharko direla pausoak ematen, baina "konfiantza handia" dauka mutilengan oso "serio" dabiltzalako lanean. Zaleak animatu gura ditu orain: "Ea ilusioa sortzen dugun horiengan eta Mojategira hurreratzen diren".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.