Halakoei erantzuteko eta martxoaren 21aren harira, SOS Arrazakeriak Etxekoak lehenengo. Etxekoak guztiok gara kanpaina jarri du martxan: "Guk sinesten dugu ez dagoela lehen, bigarren edo hirugarren mailako herritarrik nahiz eta batzuk lehiaketa hori bultzatzen saiatu. Ezin dugu lehiatu ez eskubideengatik, ez gizarte baliabideengatik, etxekoak guztiok garelako. Hori dela-eta, SOS Arrazakeriaren aldarrikapenekin bat egiten dugu eta herritarrak animatzen ditugu egun horren bueltan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera", diote antolatzaileek.
'Eman aurpegia' kanpaina
Martxoaren 22rako SOS Arrazakeriak manifestazioa deitu du Donostian –Trintxerpe plazatik irtenda, 11:30ean–, eta hilaren 25ean Etxaluzeko Azeri-Solozar gelan SOS Arrazakeriako Agustin Untzurruntzagak gidatuko duen saiorako gonbidapena ere egin dute: gizarte prestazioen inguruko zurrumurruez arituko da Untzurruntzaga.
Bestetik, Diputazioak martxan jarri duen Eman aurpegia arrazakeriaren kontra kanpainan parte hartzeko dei ere egin diete herritarrei. Horretarako, #emanaurpegia eta #arrazakeriarenkontra traolak erabiliz sare sozialetan selfie-ak argitaratzera animatu dituzte.