Aitor Montes medikua "oso gustura" dago atzoko ekintzak izan zuen harrerarekin: "Datu bat emateko, 2013an Elebiden osasun arloan hizkuntza urraketengatik 20 kexa jaso ziren urte osoan. Atzo 78 kexa eta iradokizun batu genituen, arratsalde baten kopurua laukoiztu da. Atera kontuak", dio.
Horrekin Montesek adierazi gura du herritarrek ez dutela osasungintzan hizkuntza eskubideak urratuak izan zaizkiela sentitu izan, gaztelaniaz ohitu direlako. Bada, halako ekintzekin ohitura hori aldatuko dela espero du Montesek: "Hau oso bizkor doa. Atzo bi ordenagailurekin bakarrik ezin izan genuen gura beste kexa zein iradokizun jaso. Adibidez, Arizmendi ikastolakoak ere etorri ziren eta gurasoen artean ekimenaren berri emango dutela esan zuten".