Saneamenduari dagokionez, ur zikinak lur azpian jasota badaude ere, "baldintza egokietan" iraun dezaten berritu egingo dira. Era berean, auzotarrek menditik datorren ura erabiltzen badute ere, Udal sareko ura erabiltzeko aukera emango zaie eta gasari dagokionez, auzoan dagoen propano deposituari –Ingurumen Eskola hornitzen duena– beste bat gehituko diote Udala Beheko eraikin guztiak hornitzeko. Argindarra ere egungo beharretara egokituko da sarea lurpean jarrita eta argiteria publikoa ere jarriko da, orain arte ez da-eta egon. 15 farola jarriko dituzte, energia fotovoltaikoz hornituko direnak. Gainera, egun dagoen telefono sarea lurperatu egingo da eta baserrietara joateko dagoen hormigoizko bidea zabaldu eta asfaltatu egingo dute. Amaitzeko, elizaren eta Garaikotxiki baserriaren artean plaza berri bat egingo dute.
Bi aurrekontutan jasota
Lan horiek urtarrilaren 19an esleitu zitzaizkion Construcciones Otegi-Gaztañaga enpresak eta 395.604 euroko aurrekontua du. Landa gunean kokatuta dagoen auzoa berriro urbanizatzeko proiektuaren inbertsioa bi aurrekontutan banatu da. Lehen fasea 2012ko aurrekontuan sartu zen eta bigarren zein hirugarren faseko lanak, berriz, aurtengo aurrekontuetan jaso dira.