Madrilen jo ahal izatea ia ezinezko bihurtu zaizue dagoeneko. Ezustean ez zintuzteten harrapatuko, ezta?
Inondik inora, seigarren aldia da azken honekin, azken bost urteetan. Oraingoan ematen zuen dena hobeto zegoela lotua, promotore handi batek eta enpresa baten bitartez antolatua zegoelako, Vistalegre ere handia da… baina ikusi da azkenean ezetz. Egia da, halaber, orain arte presioa egiteko modua ez dela hain ofizlala izan eta hor ere aldaketa egon da. Lehen, zeharka, antolatzaileei ala aretoen jabeei mehatxu egiten zieten, kontzertua eginez gero gorriak ikusiko zituztela esanez, eta oraingoan zuzenean Madrilgo Udaletik etorri da galarazpena. Ofiziala izan den aldetik, bidea ere ematen du salatu eta hots handiagoa ateratzeko. Orain arte, esan dezagun horrela, mafia estiloko mehatxuak ziren eta orain debeku zuzena izan da.
Gertaeren harira plazaratutako oharrean salatzen duzue azken urteetan “errukirik gabe jazarri” zaituztetela. Hain gogorra da presioa?
Beti ahalegindu izan dira gustuko ez dituzten kontzertuak izorrarazten eta beti eskuin muturretik bultzatuta, dela AVTk ala halako taldeek. Beste leku batzuetan, ez promotoreek ezta geuk ere, ez diegu kasurik egin, ze behin ere ez da ezer gertatu azkenean. Madilen desberdina da, eurena delako cortijo-a, esaten duten moduan, eta erraz dute debekatzea.
Uste duzu hauteskunde usainean etorri dela oraingoa?
Noski, zalantzarik ez. Kakaz leporaino daudenez, inguru guztia kakazten saiatzen dira, eurenak estaltzeko. Guk uste dugu erabaki hau hartu dela eskuin mutur zaharminduenaren botoak hartzeko. Gu musika talde bat besterik ez gara, musika egiten dugu. Badugu gure ideologia baina musika da gure egitekoa.
Ez zarete jazarpen hori salatu duten talde bakarra, halere. Badago zelanbaiteko eraso antolatu bat?
Los Chikos del Maiz, hip hop taldeak arazoak izan ditu, bai; Berri Txarrak ala Su ta Gar taldeek ere izan dituzte mehatxuak, baina hain modu zuzenean ez. Gurekin badute seta berezia. Izango da, ziurrenik, gazteleraz abesten dugulako eta esaten duguna ulertzen dutelako. Ziur gainerako taldeek ere presioa jasaten dutela baina gurekin promotoreak izuarazi ala zuzenean kontzertua galaraztea lortzen dute.
Madrilgo jarraitzaileek, egoera honen aurrean, nola bizi dute guztia?
Oso erreta daude. Nazkatuta daude hango gobernuarekin. Ni zazpi urtez bizi izan nintzen han eta gertutik ezagutzen dut. Esango nuke, han bizi dutena ikusita, hemen lasai gaudela esan genezakeela. Madrilen bertan bereziki sufritzen dituzte halako egoerak eta sumindura agerikoa da. Oso haserre daude eta sare sozialen bidez garbi ikusi da jendearen egoera eta haien erantzuna.
Behin eta berriz, biolentzia sustatzen duzuela-eta, argibideak eman beharraz gogaituta zaudete?
Taldeak bere garaian komunikatu bat kaleratu zuen, epaiketaren harira [2006an], azalpenak emanez. Taldearen letrak lupaz behatu zituzten epaiketan eta errugabe atera ziren. Legalki nahi dugun lekuan jo genezake nahi izanez gero. Hortaz, egin dutena ilegala dela esan genezake, ezta? Aitzakia inozo batzuk erabili dituzte oraingoan, Aupa Lumbreiras jaialdian gurekin zein hango talderen batekin ere ezelako zerikusirik izan ez zuten istiluak, adibidez. Baina hori da haien jardunbidea. Gure letrak iraingarriak direla ere argudiatu dute baina, esan moduan, epaia dago horren inguruan. Aitzakia ergel eta merkeekin, temati segitzen dute. Gobernutik zabaldutako oharra, egia esan, barregarria da.